Kutxabank-i zerbitzua ez murrizteko eskatuko diote gaur herritarrek

Maider Arregi 2020ko irailaren 25a

Gaur, egubakoitza, 11:00etan, Landatxopeko erretiratuek herriko banketxeko arduradunari gutuna helaraziko diote Antzuolako Kutxabank-en bulegoak zuzeneko arreta zerbitzua murriztu izanagatik.

Antzuolako zerbitzuaren zati bat Bergarako bulegora eroan izana salatuko dute gaur goizean eta herriko erretiratuen eta pentsiodunen elkarte Landatxopek, desadostasuna helaraziko dio herriko bulegoko arduradunari gutun bidez. "Banketxearen irabaziek ez dute murrizketa justifikatzen. Adinekoak diskriminatzen ditu, Internet bidez ezin baititugu zenbait operazio egin", argitu dute. Hala, gaur, egubakoitza, 11:00etan, Antzuolako bulegoko zuzendariari euren eskaera aintzat har dezaten eskatuko diote. "Gutuna Donostian dagoen Gipuzkoako bulegoen arduradunari eramateko eskatuko diogu".

Gizarteari egokitzearen beharra


Kutxabank-ek, berriz, GOIENAri jakinarazi dio erabakia gizarteak egun dituen beharrak aztertuta hartu dutela. "Digitalizazioaren aroan gaude eta on-line egiten dira operazio gehientsuenak. Pandemiak, gainera, sustatu egin du sarearen erabilera herritarren aurrean. Hala ere, herriko adinekoak aintzat hartu gura izan ditugu eta astean bitan bulegoa irekiko dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak