Emaitza onak asteburuan antzuolar txirrindulariek

Jone Olabarria 2020ko ira. 18a, 12:06
Ekain Larrea gaztea helmugaratzeko unean joan den zapatuan Oñatin.

Oñatin zapatuan jokatu zen Mikel Deuna Sarian hamabosgarren tokian helmugaratu zen Ekain Larrea gazte mailako txirrindularia. Bolintxo okindegia-Lana taldeko kide duen Unax Errastik hamargarren postua eskuratu zuen domekan Azpeitia Sarian.

Dagoeneko ia bi hilabete daramatzate Bolintxo Okindegia-Lanako txirrindulariek proba eta lasterketa ezberdinetan lehiatzen, eta, hain zuzen ere, joan den asteburuan izan zuten antzuolarrek horietako hainbatetan parte hartzeko aukera.

Gazte mailako Ekain Larrea Arangurenek hamabosgarren postua lortu zuen joan den za-patuan Oñatin jokatutako 62.Mikel Deuna Sarian. Antzuolarra Danel Casais lehen sailkatuarengandik 52 segundora helmugaratu zen. Domekan iritsi zen Unax Errasti Urteaga kadetearen txanda; Azpeitian jokatutako 40. Azpeitia sarian hamargarren postua eskuratu zuen antzuolarrak. Lehen sailkatua baino bi minutu eta 37 segundo geroago helmugaratu zen.

Seguran eta Lizarran

Asteburu honetan ere hainbat hitzordu dituzte lasterkari antzuolarrek: Ekain Larrea Seguran lehiatuko da zapatuan eta Uñax Larrea, domekan Lizarran.

Lasterkariak, "gogoz"

Lokatza taldeko zuzendari Iñigo Larrañagak kirolarien formakuntzaren garrantzia azpimarratu du, emaitzak baino gehiago: "Lasterkariak etxean egon dira eta aurtengo denboraldi erdia galdu dute. Hala ere, gogotsu datoz probetara. Funtzionamendua apur bat aldatu da, baina nahiko ondo gabiltza, ahalik eta emaitza onena lortu nahian. Karrera eguneko harremana da bereziki aldatu dena".

Antzuolar harrobia, sasoiko

Lokatza ziklismo eskolako lehendakari Ion Unamunok antzuolar gazteen artean dagoen txirrindularitzarako afizioa azpimarratu du: "Antzuolar txirrinduariak oso garrantzitsuak dira guretzat. Une honetan Lokatza ziklismo eskolak dituen txirrindularien erdia antzuolarrak dira. Emaitza politak ari dira lortzen eta herrian harrobia sasoi oneko dago".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak