Astelehenean hasi zuten ikasturte berria Antzuolako haur eskolan. Koronabirusak baldintzatutako urtea izateaz gain, ikasturtea martxan jartzeko zailtasunak izan dituzte. Izan ere, 2020-2021 ikasturtean, oraingoz, hiru haur daude matrikulatuta, eta horixe da, hain zuzen ere, haur eskola zabalik mantentzeko gutxieneko ikasle kopurua.
Elkarlanean egindakoa
Aurrematrikula sasoia konfinamenduarekin batera etorri zela azaldu du haur eskolako hezitzaile Vanessa Tamayok, eta orduan bi umek baino ez zuten izena eman ikasturte berrirako. Egoera hartan, eta ikasturte berrian haur eskola itxita egoteko arriskuarekin, Udalarekin batzea erabaki zuten. Elkarlanean "esfortzu berezia" egin zutela azaldu dute, eta, azkenean, zalantzan zegoen beste familia antzuolar bat ere animatu da euren haurra matrikulatzera.
Herriarentzat "ezinbestekoa"
Antzuolako alkate Beñardo Kortabarriak azaldu duenez, herriarentzat "oso garrantzitsua" da haur eskola zabalik mantentzea: "Haur eskola zerbitzua ezinbestekoa da herrian. Zenbat eta zerbitzu gehiago eskaini, orduan eta erosoagoa izango da antzuolarrentzat; bestela, zerbitzu gehiago eskaintzen dituzten alboko herrietara lekualdatzeko arriskua ere badago eta".
Antzuolako haur eskolak hiru hezitzaile finko ditu, baina, azken bi ikasturteetako ume kopurua dela eta, iaz ere hiru haurrekin hasi zuten ikasturtea, une honetan, bi hezitzaile daude. Hala, arreta "guztiz pertsonalizatua" dela azaldu dute.
Azken urteetako tendentzia
2005. urteko urtarrilean ireki zituen ateak herriko haur eskolak, bost umerekin. Ordutik aurrera matrikulazioak gora egin, eta 2010. urtean 20 haur zeuden matrikulatuta, eta itxarote-zerrenda ere bazegoen. Azken urteetan, baina, behera egin du matrikulazioak, eta azken bi ikasturteetan gutxieneko kopuruarekin hasi dute ikasturtea. Hala ere, datozen hilabeteetan pare bat ikasle gehiago espero dituztela azaldu du Tamayok.
Matrikula zabalik
Guztira, 21 umerendako lekua du haur eskolak, baina COVID-19ak eraginda %75eko edukiera dago onartua. Haur eskolatik gogorarazi dute kopuru horretara iritsi arte matrikula zioa zabalik egongo dela eta edozein unetan eman daitekeela izena.