Bi txandatan sartuko dira eskolara Antzuolako Herri Eskolako haurrak astelehenetik aurrera. Eskolako eraikinean egiten dabiltzan lanen ondorioz, ezinezkoa da sarrera eta irteera bi leku ezberdinetatik egitea, eta, hortaz, ordutegiak finkatu dituzte.
Lehen Hezkuntzako hirugarren mailatik aurrera, 08:45ean sartu eta 12:15ean irtengo dira ikasleak, eta 14:15etik 16:15era joango dira arratsaldeetan. Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetako ikasleek ohiko ordutegia mantenduko dute, 09:00etatik 12:30era eta 14:30etik 16:30era.
Jolastordua, herriko kaleetan
Atsedenaldian herriko kaleak erabiliko dituzte haurrek eta irakasleek ikasturte honetan. Haur Hezkuntzako haurrak eta irakasleak eguraldiaren arabera irtengo dira kalera, eta euria bada jolastokian geratuko dira. Kasu horietan, gela bakoitzak osatuko duen bizikidetza taldeetan bananduko dira, jolastokiko gune ezberdinetan. Lehen Hezkuntzaren kasuan, berriz, euria eginda ere kalera irtengo dira atsedenaldian.
Jangela ere, txandatan
Irteerarako eta sarrerarako finkatutako txanden arabera bazkalduko dute haurrek, eta, ohiko jangelaz gain, beste gune bat ere prestatzen ari dira.
Jaurlaritzaren protokoloa
Ikasleen artean positiboren bat atzematen bada, Eusko Jaurlaritzak ezarritako protokoloa jarraituko dutela zehaztu dute eskolatik; hain zuzen ere, ikasle hori gela segurua izenekoan bakartuta eta osasun zerbitzuari jakinarazita.