Rakel Velasco: "Genero bereizkeriarik gabeko txapelketak dira"

Maider Arregi 2020ko abu. 11a, 09:00

Errifle bidezko distantzia luzeko tiro modalitatean jarduten du Rakel Velascok. genero bereizkeriarik ez duen kirol jarduera gustuko duela kontatu dio GOIENAri.

Rakel Velasco arrasatearra da, baina Antzuolan bizi da eta duela hiruzpalau urtetik; errifle bidezko distantzia luzeko tiro modalitatean dihardu. Armen munduan hasi zen lanean eta hortik datorkiola zaletasuna dio.

Zertan datza, zehazki, diharduzun errifle bidezko tiro modalitatea?

Modalitate asko daude tiroaren munduan eta nik distantzia luzeko bi modalitatetan parte hartzen dut: F-Class eta PRS modalitateetan. Lehena doitasuna edo zehaztasuna da eta 300, 600, 900 nahiz 1.000 metroko distantziara tiro egin behar da. Bigarren modalitatean, aldiz, oztopo bat aurrean duzula tiro egin behar duzu. Kasu honetan, ordea, distantzia 100, 200 edo 1.000 metrokoa izan daiteke.

Nolatan etorri zitzaizun zaletasuna eta noiz hasi zinen praktikatzen?

Orain dela lau bat urte hasi nintzen tiro txapelketetan. Ber-garako Dikarren lan egiten dut eta bertan errifleak egiten dira. Nire lana, aldiz, errifleen doitasuna aztertzea da; enpresan dugun 100 metroko galerian egiten ditut tiro-probak. Tiro-probak ondo egiten nituela-eta taldeko batek animatu ninduen. Halaxe joan nintzen nire lehen txapelketara, eta irabazi egin nuen. Pixkana aurrera egin, eta mundu honetan murgildu naiz.

Taldea lankideek osatzen duzue.

Lankideek orain dela 4-5 urte sortu zuten taldea. Ni geroxeago sartu nintzen. Bi lankidek eta kanpoko beste bi lagunek osatzen dugu Bergara marka aurrera daramagun taldea.

Kirol honek, ordea, badu ezaugarrien artean bat nabarmena.

Bai. Batetik, armak erabiltzen ditugula; bestetik, azpimarratu nahiko nuke arestian aipatutako bi modalitateetako txapelketetan ez dela generoen arteko bereizketarik egiten. Hau da, ez dago propio emakumezkoendako zein gizonezkoendako txapelketarik. Denak zerrenda baten barruan gaude, postua zozketa bidez erabakitzen da eta nork bere tiro saioa egiten du. Nire ustez, oso garrantzitsua da. Bakoitzak bere erriflearekin eta gaitasunekin moldatu behar du, bereizkeriarik jasan gabe.

Zanbranan entrenatzen zarete.

Bai. Egia da Dikarren badauka-gula 100 metroko galeria, eta bertan ere egiten ditugu entrenamenduak. Baina Zanbranan 200 metroko galeria dago, eta egokiagoa da doitasuna lantzeko. Postura, kontzentrazioa, arnasketa... asko landu behar dira.

Baina etxean ere aurre-lan asko egin beharra dago doitasuna lortzeko. Gainera, guk ez dugu benetako munizioaz praktikatzen; geurea egiten dugu, eta asko entrenatu behar da ondoren benetako tiro-gunera joateko.

Txapelketetan maila ona erakutsi duzu. Onenak alboan ere izan dituzu. Zein sentsazio bizi izan duzu tiro-zelaian?

Txapelketa askotan ibili naiz. F-Class mailan Galizian, Kata-lunian, Granadan eta Iruñean parte hartu dut. Beti erdiko postuetatik gora egon naiz. PRS kategorian, berriz, emaitza ho-beak lortu ditut. Iaz, esaterako, taldearekin bigarren postua lortu genuen. Izugarria izan zen. Pertsonalki oso aberasgarria da txapelketako esperientzia. Sekulako giroa egoten da eta Espainiako tiratzailerik onenak izaten ditut alboan. Sekulako irakastaldia da niretzako eta oso pozik itzultzen naiz etxera.

COVID-19a dela-eta txapelketen egutegiak zenbait aldaketa izan ditu. Zein asmo duzu orain?

Koronabirusa dela-eta dena han-kaz gora geratu da, bai. Irailean Granadan Espainiako txapelketa dago, eta ea aukera dugun bertan parte hartzeko. Bestalde, badut arantzatxo eta erronka bat. Izan ere, Euskal Herriko Tiroko Federazioa 3. edo 4. mailan izatea gurako genuke. Horregatik, gogor segituko dugu lanean eta entrenatzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak