Erradikalak ginen ikuskizuna bihar izango da, 19:00etan, Torresoroan. Izan ere, koronabirusak baldintzatuta, joan den martxoaren 14an bertan behera geratu zen emanaldia. Ane Labakak eta Beatriz Egizabalek bertsoa eta antzerkia umore fina erabiliz josten dute, eta feminismoa hari-mutur duen ikuskizun entzutetsua eskainiko dute.
Bertso eta bakarrizketa formatuaren bitartez, indar handiko ikuskizuna dakarte. "Formatu honek agertokian baduela indarra ohartu gara. Erradikalak gara emanaldiarekin jada ohartu ginen horretaz. Bigarren honetan, formatu bera erabili gura izan dugu, edukia berrituta", azaldu du Ane Labakak. Sexualitateaz, patriarkatuaz, gizarteak ezartzen dituen etiketez eta tabuez jarduten dute. "Iruditzen zaigu gauzak beste era batera esaten saiatzeko eta eragina izateko tresna ona ere badela umorea". Era berean, orain artean bigarren zati honek arrakasta izan duela eta jendearengana iritsi dela ere aitortu dute.