Elkarteko kideen zain ekintzak antolatzeko

Maider Arregi 2020ko uzt. 4a, 09:00

Astelehenean ireki zituen ateak berriro Landatxope elkarteak, hiru hilabete pasatxoren ostean. Elkarteko kideak, oso gutxika, tantaka, hasi dira elkarteaz gozatzen. Batzordeak, babes neurri zorrotzak direla eta, bazkideei lasai joateko deia egin die.

Asteon ireki ditu ateak herriko Landatxope adinekoen elkarteak. Udalarekin adostuta, hamabost egunez batzordeko kideak arduratuko dira zerbitzua eskaintzeaz eta garbiketa lanak egiteaz. "Bi-naka antolatzen gara eta egunero batzordeko kide bi egoten gara egoitzan bazkideei zerbitzua eskaintzeko", azaldu dute batzordeko kide Mila Etxezarretak eta Jose Mari Iparragirrek. Aitortu dute, baina, adinekoak oraindik beldur direla, batez ere, leku itxietan egoteko.

Osasun berme guztiak

Osasun neurri guztiak bermatzea dela lehentasuna azpimarratu dute bai Udalak eta baita ere Landatxopeko zuzendaritzako kideek. "Adinekoen osasuna zaintzea ezinbestekoa da. Horregatik, irekierarako neurri zehatzak hartu ditugu", jakinarazi dute Landatxopetik. Hala, egoitza astelehenetik egubakoitzera egongo da irekita, 15:30etik 18:30era bitartean. Bazkideek terrazatik sartu beharko dute, Eguneko Zentroarekin konpartitzen diren eremuak ekiditeko. Tabernan juntako kideek zerbitzatuko dute, eta kontsumitzen dena ordaintzeko diru kopuru justua eramatea komeni da.Garbitasun eta segurtasun neurriak betetzeko, eskuak gelarekin garbitu beharko dituzte sarreran eta irteeran. Maskara erabili beharko da, eta segurtasun-distantzia mantendu da barruan.Podologia zerbitzua etxez etxe eskainiko da, alarma egoeran egin den bezala, eta batzarkideak izango dira eguneko arduradunak. Beste edozein xehetasun egoitzan emango dela bertatik bertara azaldu dute.

Ekintzak, prest

COVID-19ari aurre egiteko har-tu duten osasun neurrien ondorioz, ezin da kartetan egin. Baina batzordetik aurreratu dute bestelako ekintzak eta jokoak egiteko asmoa badutela, eta bazkideak animatu gura dituzte guztien artean ekintzak antolatzeko. "Badira elkartera jokoan egitera etortzeko ohitura dutenak. Orain ezin denez, ez dira etortzen. Hala ere, batzordetik esan nahi diegu guzti-guztiei hainbat ekintza egin gura ditugula. Denon artean erabaki dezakegu zer egin; izan ere, aukerak asko dira. Horretarako, ordea, elkar-tera etorri behar dute bazkideek, eta denen artean erabaki. Guk jada baditugu proposamenak, eta denbora-pasak prest ditugu. Gainera, erabilera bakarreko kartoiarekin bingoa egin dezakegun aztertzen dihardugu. Zinema emanaldirako proiektorea ere prest daukagu", diote batzordeko kide Etxezarretak eta Iparragirrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak