Galeano ahizpek ezin izan dute txapela eskuratu

Josu Bilbao Atxutegi 2020ko eka. 28a, 17:54

Antzuolako bikote gazteak gogor borrokatu du, baina Agirrek eta Ruiz de Larramendik osaturiko bikotearen esperientzia gailendu da Emakume Master Cup txapelketako finalean (22-7). Irunen, 50-60 antzuolarren babesa izan dute gazteek.

Leire eta Nagore Galeanok ezin izan dute adinez askoz nagusiagoak diren Iera Agirreren eta Maite Ruiz de Larramendiren aurkako finala irabazi. Bikote beteranoak ez die aukerarik eman antzuolarrei, eta markagailuan 22-7ko emaitza sendoa ezarri dute.

Galeano ahizpak txukun aritu dira hasieratik, baina euren aurkariek tantoak luzatzea bilatu dute etengabe, Leire atzealdean zigortu nahian. Antzuolarrak eusten saiatu dira, baina Agirrek eta Ruiz de Larramendik esperientziarekin jokatu dute eta Galeano ahizpen akatsak bilatu dituzte (5-0). Seigarren tantotik aurrera, nekea nabaritzen hasi dira antzuolarrak, eta haien aurkariak eroso egon dira Urantzu frontoiko kantxan (10-0).

10-0ekoarekin, Antzuolako bikoteak erantzuna emateko lehen aukera izan du, markagailuan lehen tantoa lortu du-eta (10-1). Hala ere, ordurako, nekea sumatzen hasiak ziren Galeano ahizpak, eta bikote gorriak lau tanto egin ditu jarraian, erraz (14-1). Urdinek bigarren tantoa egitea lortu dute, 14-2, baina Agirre-Ruiz de Larramendi bikoteak azeleragailua zapaldu du, 16-2koa ezartzeko.

Bikote beteranoa ere nekea nabaritzen hasi da, eta antzuolar gazteek 19-6koa jarri dute markagailuan. Hala ere, gorriek ez dute hutsik egin finaleko tanto erabakigarrienetan, eta azken markagailua 22-7koa izan da Irunen.

Aipatu behar da, Antzuolako 50-60 herritar ingururen babesa izan dute Galeano ahizpek Irungo Urantzu pilotalekuan.

"Haiek esperientzia gehiago zuten eta hori nabaritu egin da. Ahal duguna egin dugu. Azkenean 7 tanto lortu ditugu, eta ea hurrengoan tanto gehiago edo irabazi ahal diegun", azaldu du partida ostean Nagore Galeanok. "Bakarrik finalera iristea, sei norgehiagoka irabazi ostean, saria izan da guretako", gaineratu du Leirek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak