Partida oso parekatua izan da pilotarien aita Jose Mari Galeanok GOIENAri azaldu moduan: "Oso polita eta parekatua izan da hasieratik bukaera arte, hiru puntuko alderik ez da izan neurketa osoan, asko jota bi tantokoa; hortaz, bietako edozeinek irabaz zezakeen eta azkenean guk irabazi dugu", eta zera gaineratu dute pilotariek: "Oso gustura gaude, gogorra izan da, baina bagenekien hala izango zela, gu baino nagusiagoak dira txapelketako partaide guztiak; hala ere partida guztiak irabazi ditugu, eta finalean ere orain arte moduan, dena ematen saiatuko gara".
Txapelketako antolatzaileek Antzuolako ahizpa gazteek txapelketako ezustekoa direla berretsi dutela azaldu dute: "Txapelketako eskaileran behe-behetik ekin behar izan zioten eta, sei partida irabazita, 15 eta 13 urte besterik ez dituzten pilotariek goraino heltzea lortu dute. Euren adinak bestelakorik pentsatzea eraman gaitzakeen arren, kolpe eta defentsa bikainaz gain, urduritasunak kudeatzen ere badakitela erakutsi dute; izan ere, zazpi berdinketa izan dituen lehia batean, azkena 15-15, Ainhoa Ruiz de Infantek eta Amaia Jakak baino askoz huts gutxiago egin dituzte eta horrek eman die, hein handi batean, finalerako txartela. 13 urte baino ez dituen arren, Leire Galeanok maila bikaina erakutsi du, ezkerrez pilota ondo luzatu eta huts gutxi eginez. Atzelari ezkerrak gutxi izan dira esku pilotaren historian, baina mito hau ere behera bota dute emakumeek".
Herriko zaleen animoak, gertutik
Familiakoak eta lagunak izan dituzte pilotariek alboan gaur eguerdian Elgoibarko Ikastolako frontoian, baina era berean herriko zaleen mezu asko jaso dituzte partida telebistaren bitartez ikusten ari zirela esanaz, hala azaldu du Jose Mari Galeanok: "Hasiera baten publiko barik izango zela esan zuten baina %60ko edukiera baimendu zuten orain dela egun gutxi, eta 163 lagun izan gara frontoian. Hainbat animo mezu jaso ditugu partida elkarrekin ikusteko bilduta zeuden lagunek idatzita".
Finala datorren domekan Irunen
Iera Agirre eta Maite Ruiz de Larramendi nafarrek gaur Elgoibarren Irantzu Etxebesteren eta Ane Urkizuren aurka jokatutako partida 3-18ko emaitzarekin irabazita, eurena da Pilota Goxoa kategoriako finalerako beste txartela; ekainaren 28an, 17:00etan, Irungo Urantzu pilotalekuan jokatu dute. Pilota mixtoko finala ere egun eta toki berean jokatuko dute Olatz Arrizabalagak eta Gentzane Aldaik Leire Garai eta Olatz Ruiz de Larramendiren aurka.