Soka-dantza, Oinarinen eskutik, baina surik ez

Maider Arregi 2020ko eka. 19a, 09:00

Oinarin dantza taldeko kideek San Juan dantzak eskainiko dituzte herriko auzoetan hilaren 23an, 19:00etatik 20:30 inguru arte. Antzuolarrei arduraz eta distantzia mantenduz jokatu behar dutela gogorarazi die Udalak, eta dantzariei atzetik ez jarraitzeko eskatu.

Ezohiko San Juan bezpera biziko dute, oro har, debagoiendarrek. Antzuolan ere, Herriko Plazan arbola ez igotzeko eta surik ez pizteko erabakia hartu du Udal Gobernuak. "Jende pilaketa saihestu gura dugu eta aurten ez du udalbatzak arbola igoko eta surik ere ez da piztuko plazan. Balkoietan apaingarri gisa adarrak jarriko ditugu San Juan bezpera irudikatzeko eta Oinarin dantza taldeak auzoz auzo dantzak eskainiko dizkie herritarrei", argitu du Beñardo Kortabarria Antzuolako alkateak.

Hala, Udalak eskatu gura die herritarrei arduratsu jokatzeko eta ez daitezela Oinarineko dantzarien atzetik joan herriko kaleetan barrena. "Udalak antolatu zuen bertso ibiltariaren estilora egingo dugu. Asmoa da herriko hainbat auzotara dantzariak joatea kalejira giroan eta auzotarrek etxeko balkoietatik gozatzea San Juan bezpera eguneko dantza-saioaz", azaldu du Oinarin dantza taldeko Ion Lizarazuk. Hala, herritarrek Antzuolan soilik egiten den San Juan eguneko soka-dantza propioa ikusteko aukera izango dute balkoietatik. "Alarma egoeraren ondorioz dantza-saio eta ordu asko gera-tu dira bertan behera, eta, egia esan, dantzarako gogoz gaude gu ere. San Juan bezperaren ohitura bere horretan ezingo bada ospatu, herritarrendako zerbait egin gura genuen. Izan ere, zentzuz eta distantziak mantenduz zerbait egin daitekeela ere uste dugu".

Hala, 19:00etan hasi eta 20:30 bueltara arte ariko dira kalez kale. "Guztiz zehaztuta ez daukagu ibilbidea, baina buruan dugu herriko auzo gehientsuenetara joatea; denetara heltzen saiatuko gara".

Kalebarrengo jaiak

Datorren astean, hilaren 26tik 28ra, San Pedro jaiekin batera ziren Kalebarrengo jaiak ospatzekoak. Ohiko jaiak, ordea, ez dituztela antolatuko jakinarazi du Kalebarrengo Jai Batzordeak. Hala, aurten ez da sagar-dantza arrakastatsua egingo. "Bizpahiru ekintza antolatu ditugu soilik. Egubakoitzean 22:00etan kontzertua izango da terrazan eserita daudenendako. Zapatuan, 11:00etan haurrek marrazki kooperatiboak egiteko aukera izango dute, bakoitzak bere etxe-tik eramandako materialarekin. Domeka arratsaldean, berriz, ipuin kontalaria izango da. Baina herritarrei eskatu gura die-gu neurriak zorrotz betetzeko eta arduraz jokatzeko". Anelkarrek ere ez du elkartasun festarik egingo aurtengo Kalebarrengo jaietan

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak