Basalde eta Errekalde lotzeko pasabiderik gabe, oraingoz

Maider Arregi 2020ko mai. 22a, 09:00

Errekalde parean, Deskargatik Bergararako noranzkoan, errepide zati bat hondoratuta zegoen. Diputazioak hasi ditu lurra egonkortzeko eta berdintzeko lanak. Lan horiek aprobetxatuta, baina, Antzuolako Udalak eskaera egin dio Diputazioari bertan oinezkoendako pasabidea egin dezan; baina, plataforma zabaltze hori ez dela posible egitea gaur gaurkoz adierazi dute.

Basalde auzoak erdigunearekin lotzeko pasabiderik gabe jarraituko du, oraingoz. Errekalde parean, Deskargatik Bergararako noranzkoan, errepide zati bat hondoratuta zegoen eta Gipuzkoako Diputazioak hasi ditu lurra egonkortzeko eta berdintzeko lanak bertan. Lan horiek aprobetxatuta, Antzuolako Udalak oinezkoendako pasabidea egin zezatela eskatu zion martxoan: "Ura agentziari eta Diputazioari eskatu genien lanok aprobetxatuta errepidea pixka bat zabaltzeko eta oinezkoendako bidea egiteko. Eztabaidatu egin dugu eta, oraingoz, ez daukagu baiezkorik, eta, ikusten denaren arabera, ez dirudi egingo dutenik ere; kudeaketaren ikuspegitik hanka-sartzea dela deritzot. Lan bat hasita dago eta aukera ona dago diru gutxirekin Basalde auzoa herriko erdigunearekin lotzeko. Hala, auzotarrak oinez errepidean ibili beharrean segurtasun osoz ibiliko lirateke pasabidean". Gipuzkoako Diputazioak azaldu du, plataforma zabaltze hori ez dela posible "edozein aukeratan Deskarga ibaiaren jabariaren okupazioa dakarrelako". Gaineratu du, Antzuolako Udalak ibai-jabaria okupatzeko baimena lortuko balu, errepide sailak ez lukeela inolako arazorik jarriko pasabidea egin dadin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak