Antzuolak mailari eutsiko dio eta kluba bereziki zaleengatik pozik dago

Maider Arregi 2020ko mai. 11a, 10:32

Antzuolako futbol sailak berri pozgarria izan du: Gipuzkoako futbol federazioak 2019-2020 denboraldia bukatutzat eman du, eta ondorioz Antzuolak mailari eutsiko dio: sailkapeneko 15. postuan daude 20 punturekin. Aurtengo AKE eguna, ordea, ez da ospatuko COVID-19aren ondorioz.

"Oso Pozik gaude, 15. postuan egon arren lan asko egin dugu-eta ez gara jaitsiko kategoriaz. Bereziki herritarrengatik eta zaleengatik gaude pozik. Beheko kategoria oso zaila da, marrazainik ere ez dago... hala, ilusioz eta motibazioz ekingo diogu irailean", azaldu du Antzuola Kirol Elkarteko presidente Ibon Gezalagak.

Denboraldi berriari dagokionez, lehen taldean baliteke aldaketaren bat egotea baina gaur gaurkoz ez dagoela ezer baieztatuta azpimarratu du Gezalagak: "Oraindik ez dago jakinarazpen ofizialik. Baliteke aldaketaren bat edo beste egotea bai jokalariei dagokienean eta baita entrenatzailearen kasuan ere.  Gainontzeko kategoriak, aldiz, esan dezaket ia bere osotasunean mantenduko direla eta apenas izango dutela aldaketaren bat".

AKE eguna bertan behera

Zuzendaritzak hartu berri duen azken erabakia da: AKE eguna bertan behera uztea eta datorren urtean ospatzea: "AKE egunaren izaera herritarrekin batera festa handi bat egitea da. COVID-19aren ondorioz oso zaila da horrelako festa bat egitea, beraz, datorren urtera atzeratu dugu; aurten egiteak ez baitu zentzurik".

 

Igoerak bai, jaitsierak ez

Martxoaren 8an eten zuten liga; bada, orduko sailkapena hartu dute kontuan ze taldek igo erabakitzeko. Orduko egoera kontuan hartuta, Aloña Mendi sailkapeneko lehenengo postuan zegoen 53 punturekin eta bigarrenarengandik 7 puntuko aldearekin. Ohorezko erregionalean, baina, bi multzo daude eta beste multzotik Allerru igo da. Federazioak igoerak gauzatuko ditu; baina, ez, ordea, jaitsierak. Modu horretan, Antzuolak mailari eutsiko dio: sailkapeneko 15. postuan daude 20 punturekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak