Antzuolan denboraldi berriari ekiteko prest, 8 Miliak lasterketarekin

Xabier Urzelai 2020ko ots. 15a, 13:37
2019ko 8 Miliak lasterketako argazkia

Domekan 280 korrikalarik hasiko dute Antzuolako proba. Denboraldi hasiera izanda, korrikalariak ilusioak berrituta daude. "Mendi lasterketetan hasi gura duenarendako proba egokia da gurea", dio Gurutz Larreak

Ez da urteko lehen mendi proba –gaur egun, denboraldiak ez du etenik–, baina domekako Antzuolako 8 Miliak lasterketak (10:30, plazan) denboraldi hasieran harrapatuko ditu korrikalariak. Eta Debagoienean bai izango da 2020ko lehen hitzordua: "Kontuan izanda parte-hartzaileen %70 bailarako jendea dela, bai, denboraldia Antzuolan hasiko dute askok", dio antolaketa lanean dabilen Gurutz Larreak.

ZORTZI MILIETAKO PARTE HARTZAILEEN %70 DEBAGOIENEKO MENDI LASTERKARIAK IZANGO DIRA

Hala, jendea gogotsu dago urteko lehen lasterketa egiteko, bai esperientzia dutenak, bai hasiberriak: "Ez dugu esango gurea lasterketa erraza denik, distantzia luzea ez badu ere –13 km– ondo entrenatuta etortzea komeni da eta: mendian ibiltzera ohituta, korrika egitera ohituta... Baina bai da egia mendiko lasterketetan hasi gura duenarendako neurriko proba dela". Gainera, domekarako eguraldi iragarpenek diote ona egingo duela, eta horrek ere izugarri lagunduko du.

Zortzigarren edizioa

Antzuolako lasterketako antolatzaileak ez ditu ezustean harrapatuko egin beharreko lanak, dagoeneko zortzigarren edizioa izango dute eta: "Baina egia da lasterketako izen-ematea ordu gutxitan agortzeak eskatzen duela proba txukun antolatzea. Ez lasterkariek jarritako konfiantzagatik bakarrik, baita antzuolar askoren lana ere egongo delako atzean".

Konturatu orduko, 280 lagun

Kirolprobak.com webgunearen bitartez ordu gutxian eman zuten izena 240 lagunek: "Beste hogei lagunendako gonbidapenak gorde genituen eta ondoren konturatu ginen lasterketan parte hartu gura zuten hainbat herrikide kanpoan geratu zirela, eta beste hamar laguni-edo tokia egin genien". Hala, konturatu orduko, 280 lagun batuko dira irteera puntuan: "Puntako atletarik igual ez, baina maila oso politean dabiltzanak batuko dira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak