Elkartasunezko 558 kilo elikagai batu dituzte

Maialen Regueiro 2020ko ots. 7a, 11:13

'Piztu itxaropena' kanpainak XVI. edizioa du aurten eta, guztira, 558 kilo elikagai batu dituzte; 40 kaxatan banatu dituzte. Bergarako Ereindajanen, esate baterako, 80 kilo babarrun erosi dituzte elkarteko kide bati bururatutako ekimen bati esker.

Antzuolako Anelkar elkarteak, Udalarekin eta eskolarekin elkarlanean, bat egin du, beste urte batez, aurten XVI. edizioa duen Piztu itxaropena kanpainarekin. Astebetez elikagai bilketa egin ostean, aurten, guztira, 558 kilo batu dituzte, Saharara bideratuko dituztenak. Gauzak horrela, Anelkarreko kide Jabi Etxaniz pozik azaldu da, beste urte batez antzuolarrek elkartasuna adierazi dietelako beharra duten sahararrei. Aurtengo kanpainan ere elikagaiak batzearekin batera konpresak batu dituzte; guztira, 40 kaxa bete dituzte. Horrekin batera, Anelkarrek urtero 1.500 euro bideratzen ditu proiektu honetara.

Herritarren borondatea

Iaz, Piztu itxaropena kanpainarako 460,5 kilo batu zituzten, eta 29 kaxatan banatu. Aurten, zertxobait gehiago batu dute, eta, horregatik, Etxanizek aipatu du positiboa dela urtetik urtera kilo gehiago batzea, eta, horrekin batera, herritarren borondatea azpimarratu du: "Kontuan hartu behar da epe laburrean hainbat elikagai bilketa egiten direla. Izan ere, azaroan elikagai bankurako kanpaina egiten da eta herritarrak beraien elkartasuna adierazten dute, baina ez dute argi izaten laguntza nora bideratzeko izaten den. Hala ere, gu urtetik urtera kilo gehiago jasotzen ari gara eta asko eskertzen dugu herritarrek Sahararekiko eta elikagai bankuarekiko duten borondatea".

Ereindajaneko produktuak

Etxanizek aipatu duenez, aurtengo kanpainan Bergarako Ereindajanek zerikusia izan du taldeko kide baten iniziatibari esker: "Anelkarreko kide bati taldeari diru kopuru bat eskatzea bururatu zitzaion, Ereindajanen produktuak erosteko helburuarekin. Modu horretan, eta 300 euroko aurrekontuarekin, besteak beste, 80 kilo babarrun erosi zituen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak