Aho batez onartu du udalbatzarrak aldagelen proiektua

Maider Arregi 2020ko urt. 28a, 11:24

Dena ondo bidean, Eztalako aldagela berrituen lanak lau hilabeteko epean egingo dira: apirilean hasi eta uztaila amaierarako bukatutako dituzte. Guztira, 281.000 euro pasatxoko aurrekontua dute lanek (saneamendu lanak barne, 10.000 euro inguru).

Atzo egin zuten urtarrileko ohiko osoko bilkura. Bertan, aho batez onartu du udalbatzarrak Eztalako aldagelak eraberritzeko proiektua.

Une honetan, ezkerreko aldagela bereziki, oso egoera txarrean jarraitzen du eta itxita dago. "Guztia zurkaiztuta dago –apuntalatuta– eta oso egoera txarrean. Lur-mugimendua gelditzeko 24 metroko piboteak sartu ziren aparkalekuan eta horri esker egun mugimenduak gelditu dira eta aldageletako pitzadurak ez dira areagotu. Orain obra hasteko moduan dago", azaldu du Hirigintza teknikari Valen Moñuxek udalbatzarrean.

Apirilean hasiko dira lanak

Behin proiektua onartuta, urtarrilaren 28an argitaratuko dira oinarriak. 20 eguneko epean, aldiz, eskaintzak aurkezteko epea izango dute enpresek. "Udalbatzarrak egin beharko du esleipena osoko bilkurara eroanda. Dena ondo bidean, martxoaren 5ean esleituko litzateke Eztalako obra", argitu du. Esleipena egin, eta legeak arautzen duen moduan, hilabeteko epearen ostean hasiko dira lanak apirilaren 5ean. Lau hilabetetan egin beharko dira lanak eta uztaila amaierarako bukatuta egon beharko da Eztalako obra. Aurrekontua 271.000 euro pasatxokoa da eta horri gehitu behar zaizkio saneamendu lanen kostua, beste 10.000 euro, alegia.

Lau aldagela eta tabernari lotuta

Onartu berri den proiektuak lau aldagela izango ditu: bi ezkerrean eta beste bi eskuinean. Erdian arbitroarendako aldagela. Biltegia, bulegoa eta masaje gela ere baditu. Baita komun publikoa ere. Azalera berdina edukiko du: 181 metro koadro inguru. Taberna lotuta izango du eraikinak; erdiko lotunea biltegia egiteko aprobetxatuko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak