Urtea korrika egiten bukatzeko helburuarekin hasi ziren San Esteban krosa egiten Antzuolan. Bosgarrengoz ere kaleak korrikalariz eta animatzailez bete ziren. Herri barruko lasterketa izan zen. Nagusien lasterketan bost kilometroko ibilbidea egin behar izan zuten. Hasieratik bukaerara lasterketa buruan egon zen Ekain Larrea antzuolarra. Arazo barik irabazi zuen krosa, eta etxekoa izanda, pozarren zegoen bukaeran. Emakumeetan bailarako beste korrikalari bat protagonista: Ainara Urrutia aretxabaletarra. Eta korrikalari azkarrenen atzetik, gainerako guztiak. Ehundik gora. Batzuk dortsalarekin eta beste batzuk dortsal barik. Norbere erritmoan, banaka, binaka edo taldeka. Kuadrilla batzuek kolorea ipini zioten lasterketari, mozorrotuta korrika eginda.