Herriko kulturaz hausnarrarazi nahian

Maider Arregi 2019ko abe. 5a, 08:00

Plan Estrategikoaren baitan, herriko kulturaren gainean hausnartzen ari dira herritarrak, udal ordezkariak eta kultura eragileak. Hainbat ondorio atera dituzte, eta abenduaren 12an mahai-ingurua egingo dute, ideia berriak abiarazteko asmoz. Gonbidatu bezala Azpeitiko kultur mahaiko Xabier Gantzarain etorriko da, eta Ondarroako Marabilli festibalaren antolatzaile den Txomin L. Aramaio.

Antzuolako kulturaren inguruan eztabaidatzeko hiru saioetako lehena egin berri dute azaroaren 28an. Udal ordezkariak, herriko hainbat kultura elkartetako kideak eta herritarrek parte hartu dute; hamabost bat lagunek.

Elkarrizketak, aurrez aurre

Gaur egun herriko kulturak bizi duen egoera hobeto ezagutzeko asmoz, azaroan hamar antzuolar elkarrizketatu dituzte. "Elkarrizketa horietatik jasotakoak elkarbanatu ditugu lehen saioan. Lau ideia nagusi azaleratu dira: batetik, kultur arloan geldialdia sumatzen dutela diote, dagoenari eusten zaiola eta ez dela berrikuntzarik egiten; bigarrenik, kulturarekiko atxikimendu falta igartzen dutela diote eta balioan ez dela jartzen diote. Honekin lotuta, Udala kudeaketan zentratzen dela eta sustapen lana egiteko zailtasunak dituela ere azaleratu dute; hirugarrenik, diziplina ezberdinak lantzeko eragozpenak daudela badiote. Orokorrean, sortzaileen lana –musikariak, antzerkigileak, artisauak...– ez dela ikusarazten eta garatzeko aukera gutxi dutela diote; azkenik, esan behar da kultura zabaltzeko erabiltzen diren azpiegiturek balorazio ona jaso dutela", azaldu du Aztiker enpresako teknikari Xabier Luquek.

Hala, bileran parte hartu zutenek emaitza horien balorazioa egin zuten eta bizi den egoera ulertzeko iritziak elkarbanatu zituzten. Batzarraren bigarren zatian, aldiz, aztertutako indarguneak mantentzeko eta ahulguneei aurre egiteko hainbat ekarpen egin zituzten.

Saio ireki gehiago

Hurrengo saioetara begira proposamen horiek izango dira abiapuntua eta aurrerapausoak emateko zer egin behar den adostuko dute parte hartzaileek. "Azpeitiko eta Ondarroako kasuak aztertuko ditugu; kultura arloan egin dutena eta egiten ari direna ezagutu eta ideia berriekin eztabaida aberastu gura dugu".

Olaran, ideia eta ekimenen heltzea

Kulturaz jarduteko hurrengo bi saioak abenduaren 12an eta 19an egingo dira Olaranen, 18:30ean. Udalak herritarrak parte hartzera gonbidatu nahi ditu, saio irekiak baitira eta guztion iritziak kontuan hartu nahi dituelako. Abenduaren 12ko saioan, esperientziak partekatuko dituzte. Mahai inguru honekin gertuko beste herri batzuetan kultur arloan garatu diren esperientzia berritzaile eta arrakastatsuak ezagutzeaz gain, Antzuolako kulturaren inguruan ematen ari den eztabaida aberastu nahi da. Zein hausnarketa burutu dira beste herri batzuetan? Zerk funtzionatu du eta zerk ez du funtzionatu? Nola egiten dute... bi esperientzia ezberdin ezagutzeko aukera paregabea izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak