Txikitasunean handi; guztiek aho batez goraipatu dute pilotari antzuolarraren jokorako zein harremanetarako gaitasuna. "Inoiz amore eman ez duen pilotari ausarta. Dena emanda doa; pena eta hutsunea sumatuko dugu", halaxe deskribatu dute gaur gertukoek, zaleek eta Aspeko zenbait pilotarik. Aztarna utzi du Aitor Mendizabalek eta pilotari gaztetxo askok badutela non islatu aitortu dute pilotazaleek. "Herrian badago harrobia eta garbi daukat pilotaren mundutik gertu jarraituko dudala", kontatu dio GOIENAri Mendizabal III.ak.
Partidu hunkigarria: 9 eta 22, Mendizabal-Tolosa bikoteak eskuratu du garaipena, erraz gainera. Amaiera ezin hobea antzuolarrarendako, azken tantoa berak egin ostean itxi baitu bere bizitzako etapa bat.
Rezusta eta Irribarria, garaile
Astelena pilotalekuan jokatu den bigarren partidua eskuz binako txapelketakoa izan da. Rezusta eta Irribarria bikoteak partidu oso gogorra eta latza jokatu du Ezkurdia eta Martijaren aurka. 22-21, Rezusta eta Irribarria garaile. Partidu aparta jokatu dute bi bikoteek zaleen gozamenerako.