Errekalde auzo barruko errepide zatia itxita dago

Maider Arregi 2019ko aza. 29a, 09:00

Errekalde auzoko erreka ertzeko errepideko espaloi zatia erortzeko arriskua dagoela-eta, Udalak bidea ixteko erabakia hartu du. Ezohiko osoko bilkuran gerakinetik 45.000 euroko diru-partida lanak egiteko bideratzea onartu dute.

Errekalde auzoan, erreka alboko horma baten egoera txarragatik auzoko errepide zati bat itxi egin du Antzuolako Udalak. "Erortzeko arriskuagatik itxi egin dugu. Bertatik autoak igarotzen dira eta horien pisuagatik erori egin daiteke. Bertako espaloia airean geratu da. Izan ere, alboan erreka dator eta uraren higadurak eraginda horma zatia gastatu egin du urak. Azken asteetako euriek ibaiaren ekarria hazi egin dute eta baliteke horrek ere eragina izatea", azaldu du Antzuolako alkate Beñardo Kortabarriak.

Hala, arazoari irtenbidea eman guran ez ohiko osoko bilkura deitu zuen aurreko astean Udal Gobernuak; hala, aho batez adostu zuen Udal Batzarrak gerakinetik dirua atera eta konponketa lanekin lehenbailehen hastea. "45.000 euroko diru kopurua aterako dugu gerakinetik eta kopuru horrek ahalbidetzen du lanak inolako deialdi librerik egin gabe egin ahal izatea. Helburua da obra azkar egitea eta deialdia eginez gero luze joko luke", argitu du Kortabarriak. Dena ondo bidean, eta lanak berehala hasita, Gabonen atarirako errepide zatia konpontzea espero du Udalak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak