Jaiki Hadi elkarteko Jabi Hernando medikuak eta Fernando Arburua psikologoak gaixorik dauden euskal preso politikoen egoera mahai gainean jarri dute asteon. Hainbat gai landu dituzte solasaldira batu ziren 32 antzuolarrekin. Tartean, gai juridikoez edo zenbait ikerketaz ere hitz egin eta hausnartu zuten. Hernando medikuak Eltzikorta-ren osasun egoeraz jardun zuen: "Gaitz larria dauka, baina bera ondo dago, eta, zorionez, beste espetxe batzuetan ez bezala, arreta nahiko duina dauka". Hernandok gaineratu zuen presoek duten baldintzen ondorioz gaixotasun asko kroniko bilakatzen direla espetxean. "Ez da ahaztu behar espetxetik irten ondoren osasun arazoek jarrai-tu egiten dutela". Fernando Arburua psikologoak –Jaiki Hadiko eta Etxerateko osasun arloko kidea– presoek gaixotasunei aurre egiteko beharrezkoa duten laguntzen eta babesen inguruan jardun zuen. "Kalean eramangarria den gaitz bat espetxean hilgarri suertatu daiteke. Azpimarratu gurako nuke espetxean dauden presoen kopurua jaisten doan arren, preso gaixoen kopurua haziz doala. Izan ere, adinez zaharragoak dira eta espetxealdiak ere luzatzen doaz".
Aldarrikapena
Horrekin lotuta, azaroaren 30ean, zapatua, Ez dot moztuko bizarra taldeak eta Sarek deituta, bailara mailako manifestazioa egingo dute, Larriki gaixo dauden presoak etxera, Eltzikorta etxera lelopean. Zurrategitik 18:30ean abiatuko da manifestazioa.Bestalde, hainbat presok eta preso ohik egindako artelanen erakusketa bihar zabalduko da Olaranen: azaroaren 23an, 18:00-20:00; hilaren 24an 12:00-14:00 eta 18:00-20:00; azaroaren 25ean, 26an eta 27an itxita. Hilaren 28an, 18:00-20:00; hilaren 29an, 18:00-20:00; Azaroaren 30ean, 12:00-14:00 eta 17:00-18:30 eta manifestazioaren ondoren berriro zabalduko da 20:30 arte. Abenduaren 1ean, 12:00-14:00 eta 18:00-20:00.
Presoen eta preso ohien erakusketa
Olaranen bihar zabalduko duten erakusketan, hainbat presoren eta preso ohiren margolanak eta eskulturak izango dira ikusgai: Xabier Ugarte eta Joseba Arregi oñatiarrenak; Eltzikorta, Karmen Irizar, Patxi Olabarria eta Ramon Aldasoro antzuolarrenak; Iñigo Akaiturri bergararrarenak; Josu Arkauz arrasatearrarenak; eta Pello Mariñelarena etxarriarrarenak.
