Ikasturtea abiatu du Antzuolako gazte txokoak. Hala ere, oraindik izena emateko aukera dute herriko neska-mutikoek, azaroaren 24ra bitartean. Apirileko lehen asteburura arte iraungo du ikasturteak eta, iaz ez bezala, Errekalde auzoko lo-kalean egingo dituzte ekintzak aurten –Herri Eskolako obren ondorioz hartutako behin-behineko erabakia da–. "Iaz, 12 eta 14 urte arteko 89 gaztek parte hartu zuen eta aurten, oraingoz, 56k eman dute izena. Oraindik aukera badute; beraz, animatu daitezela. Esan behar da lokala ere asko gusta-tu zaiela, askotariko guneak baitaude", azaldu du Idolaz elkarteko koordinatzaile berriak, Zumaia Elkorok.
Gazteen parte hartzea
Azken urtetan egin duten moduan, denen artean erabakiko dituzte gazte txokoan egingo dituzten ekintzak. Hala ere, El-korok adierazi du dagoeneko adostasunez zenbait jarduera erabakita dituztela: "Feminismoaren gaia lantzeko tailerra egingo dugu, hainbat adikzioren gaineko solasaldiak izango ditugu eta sexualitateaz ere jardungo dugu. Asko eskatzen dute aipatutako gai horiek jorratzea". Tailerretara eta hitzaldietara adituak ekarriko dituztela azal-du du Elkoro koordinatzaileak.
Azaroaren 25a, ate joka
Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna datorrela eta –azaroak 25–, indarkeria matxista izango da landuko duten gaia azaroaren 23ko eta 24ko asteburuan."Gazte txokoko hezitzaile batek indarkeria ma-txistaren inguruko unibertsitate-lana egina dauka. Hori horrela, berak gidatuko ditu saioak, eta gure asmoa da bideoklipetan jasotzen diren jarrera matxistak lantzea".
Bizilagunak, kexaka
Hasiera, baina, katramilatsua izan dutela azaldu du Zumaia Elkorok. "Gazteei arauak argi utzi dizkiegun arren, hasiera zaila izan dugu, hainbat bizilagun zaratagatik kexatu baita. Neurriak hartuko ditugu berri-ro errepikatu ez dadin eta gazteekin berriro elkartuko gara egoeraz jabetu daitezen eta ara-zoaz ohartarazteko"