Unai Larrea: "Datorren denboraldia, ia ziur, azkena izango da"

Jone Olabarria 2019ko urr. 25a, 11:17
Laterketako irudiak, Alejandro Tabarez-ek ateratakoa.

Euskadiko openeko 23 urtez azpiko txapeldun postua lortu du aurtengo denboraldian antzuolarrak; Igantzi, Antzuola eta Galdakaoko lasterketei esker sailkatu da lehenengo

Aurtengoa gorabeheraz beteriko denboraldia izan da Unai Larrea (Antzuola, 1999) rider gaztearentzat. Esperientzia zabala du DH modalitateko jaitsieretan, baina horrek ez zuen saihestu iaz irailean Ortuellan erori eta eskumuturreko eskafoidea haustea. Errekuperatzeko denbora bat hartu ostean, baina, indarberrituta itzuli da lasterketetara eta Euskadiko Openeko lehenengo postua lortu du, 23 urtez azpiko modalitatean.

Aurten emaitza politak ekarri dituzu etxera...

Bai; nahiz eta lehenengo bi karreretan ez nintzen guztiz ondo ibili, proba moduan hartu ni-tuen, bizikleta gainean nola sentitzen nintzen frogatzeko. Lehenengo lasterketan, Igantzin, hirugarren egin nuen; Antzuolan erori egin nintzen eta, ondorioz, gutxi puntuatzen ibili nintzen. Azkeneko lasterketarako, baina, gehiago prestatu nintzen eta openeko lehen postua eskuratu nuen, puntu ba-karreko aldearekin.

Nola sentitzen zinen frogatu nahi zenuela diozu; kosta egin zaizu bizikletara bueltatzea?

Duela urtebete, erorikoa izan nuen entrenatzen nenbilela; nahiko larria izan zen, eta helikopteroz ebakuatu behar izan ninduten. Susto bat baino ez zen izan, zorionez. Handik gutxira, lasterketa batean erori eta eskumuturreko eskafoidea apurtu nuen. Bi susto horien ostean, pixka bat kostatu zitzaidan berriz ere bizikletan konfiantza berreskuratzea.

Denboraldiko zein unetan zaude orain?

Une honetan bukatu berri dugu denboraldia. Hamabost bat karreratan lehiatu naiz aurten, Espainiako leku ezberdinetan, baita Euskal Herrian ere. Azaroaren 9an beste lasterketa bat dugu, baina ez nago ziur bertan lehiatuko naizen edo ez. Hala bada, horrekin guztiz itxiko dugu denboraldia, maiatzera arte.

Maiatza heldu bitartean, baina, lanean jarraituko duzu?

Zalantza ugari ditut; seguruenik, laster utzi beharko ditut lasterketak. Ez nago ziur. Datorren urteko denboraldian parte hartzea espero dut, baina hemendik pare bat denboralditara utzi egin beharko dut. Lesio ugari eta larriak pairatzeko arriskua du kirol honek eta behin lanean hasita ez dakit biak uztartu ahalko ditudan; ezin dut arrisku horrekin bizi une oro, edozein lesio txikik laneko baja luzea ekar dezake. Dena den, ez dut guztiz utziko, afizio modura ere jarraitzea espero dut.

Ordu asko ematen dituzu lasterketak prestatzen?

Gorla inguruan entrenatzen gara, Antzuola edo Bergara inguruan. Entrenatzeko, baina, beti auto baten beharra dugu, gora igotzeko, materiala eramateko,...Jaitsiera ezberdinak egiten ditugu, lau edo bost, leku ezberdinetatik. Beti, baina, jendearekin joaten gara, inoiz ez bakarrik. Eroriz gero edo zerbait pasatuz gero, norbait izateko bertan.

Hortaz, baliabide bereziak behar dira? 

Baliabide ugari eskatzen ditu; bai material aldetik, baita pertsona aldetik. Zorionez, babesle den Oiartzun Bike-k uzten dizkigu guri materialak askotan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak