Agintaldiko inbertsioen antolaketa adostu dute

Maider Arregi 2019ko ira. 26a, 12:22

Datozen urteetarako hainbat inbertsio ditu esku artean Antzuolako Udalak. Agintaldiko lehen osoko bilkuran, aho batez onartu dute inbertsioak antolatu eta lehentasunak ezartzeko proposamena. Olarango obraren proiektua aurten onartu gura du Udalak.

Eguaztenean egin zuten agintaldiko lehen osoko bilkura. Inbertsio-eranskina aho batez onartu zuten. Eranskin horren helburua da hemendik eta lau urteetarako inbertsioen panorama orokorra eta antolatua argi izatea. Etorriko diren aurrekontuen bilakaeraren gaineko aurreikuspena izatea, alegia. Izan ere, Antzuolako Udalak ondorengo urteetan aurrera aterako dituen hainbat inbertsio potolo ditu esku artean: Eztala, Torresoroa, Olaran, Plan Oro-korra eta baserrietara ura era-mateko lanak dira nagusiak.

"Baditugu urte bat baino gehiago iraungo duten proiektuak eta erabaki honekin gura izan dugu jakin nola josiko ditugun eta nola baldintzatuko dituzten aurrekontuak", argitu du Beñardo Kortabarria alkateak.Horren adibidea da aurten idatziko den Plan Orokorra –15.000 euro–: "Aurten egingo da Plan Orokorraren proiektua; baina lan potoloak 2020, 2021 eta 2012 artean egingo dira. Urtero 90.000 euro inguruko inbertsioa eskatuko du, gainera.

Horrek gainerako inbertsioetan eragin zuzena izango du. Helburua izan da ikuspegi hori denok garbi izatea adostasuna edukitzeko", gaineratu du Kortabarriak.

Inbertsio potoloak

Lanen lehentasunei dagokienez, Eztalako aldagela berrien obren deialdia argitaratzear dagoela aurreratu du alkateak, eta proiektu zehatza ere aurten onartu gura duela Udal Gobernuak. Datorren urtean hasiko dira Eztalako lanak –aurreko astean aurreratu bezala GOIENA aldizkariak– eta asmoa da denboraldi berrirako aldagelak prest izatea. "Denboraldi berrirako gurako genituzke aldagelak; gehienez, urtea amaitu aurretik". Olarango lanei dagokienez, ez dira hasiko 2020ra arte.

Baina aurten onartuko da proiektua eta datozen bi urteetan egingo dira lanak –obra 2021ean amaitzea dago aurreikusita–. "Hel-buru nagusia da igogailua jartzea eraikinaren barrualdean. Izan ere, egun, Olaran etxea ez da irisgarria. Goiko pisua eta behekoa igogailuaz lotu gura ditugu. Tabike batzuk bota eta beste gela handi bat ateratzea ere bada asmoa. Margotu ere egingo da, eta instalazio elektrikoa berritu. Telekomunikazio sarea ere egokituko da". 170.000 eurokoa da inbertsioa eta bi urtean ordainduko da: 90.000 euro lehen urtean eta 80.000 bigarrenean.

Antzuolako Plan Orokorra, aldiz, lau urteko lan sakona da. "Herriko lursail guztiei ze ibil-bide eman behar zaien aztertu beharra dago".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak