Antzuolako alardeak Jaizkibel konpainiarekin bat egingo du bihar

Maider Arregi 2019ko irailaren 7a

Antzuolako Udaleko eta Alardearen Elkarteko ordezkariak bihar Hondarribian izango dira Jaizkibel konpainiari  babesa adierazteko. Azpimarratu gura dute alardea, herritar guztien ondare kulturala dela eta jai integratzailea izan behar duela herritar ororen parte hartzea bermatuz.

"Urte luzeetan ari da Jaizkibel konpainia, eta berarekin batera hondarribiar emakume eta gizon multzo handi bat, emakumeek jaian parekotasunez parte hartzeko duten eskubidea aldarrikatzen eta urtez-urte une gogorrak bizi izan dituzte funtsezko eskubide hau gauzatu nahian. Alardea, herritar guztien ondare kulturala izanik, jai integratzailea behar du izan, herritar ororen parte hartzea bermatuz inongo mugarik gabe. Herri baten kultura-ondarea osatzen duten alardearen gisako adierazpen eta ospakizun tradizionalak ez dira estatikoak, ezta aldaezinak ere, unean-uneko emakume eta gizonek bereak dituzten balioen arabera bilakatu eta aberasten dira. Horrela lortzen dute mendez mende irautea. Ziur gaude jaia berdintasunean bizita denok dugula zer irabazi, alardeak berak ere zer esanik ez!", azaldu du elkarteak kaleratutako oharrean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak