Antzuolako sariaren 74. edizioa jokatu da goizetik eguerdira –Iñaki Lete memoriala– eta Baque-Ideus taldeko Jon Barrenetxea bizkaitarrak lortu du garaipena. Barrenetxeak azken esprintean gainditu du Josu Etxeberria, eta hiru segundora beste zazpi ziklistako talde bat heldu da –horietatik azkarrena eta hirugarren sailkatua Caja Rural taldeko Oier Lazkano izan da–.
Ibilbidean aldaketak egin behar izan dituzte antolatzaileek aurten, eta Deskarga bi aldiz igo dute horrenbestez. Txirrindulariek hori hanketan nabaritu egin dute, eta etapa "gogorra" izan dela azaldu dute. Gainera, Deskargako lehen igoeratik tropela erabat txikitu egin da, eta lasterketa zatituta gelditu da hainbat tropeltxotan.
Aurreko tropeltxoan izan da Jon Barrenetxea gamiztarra, eta Antzuolara sartzean, irabazteko aukerak ikusi dituela azaldu du mikrofonoaren aurrean: "Aukerak nituela ikusi, eta azken metroetan, Etxeberria baino azkarrago nintzela banekienez, esprintean lortu dut irabaztea".
Antzuolar onena Haritz Kortabarria izan da. Hala ere, Kortabarriak ia lasterketa hasieratik ez dela "sentsazio onekin" ibili azaldu du, eta Antzuolako probaren "gogortasuna eta txirrindulariek jarri duten erritmo bizia" ere azpimarratu du.
Gaurko proba, Lehendakari Txapelketako bosgarrena izan da, eta Antzuolan lortutako laugarren postuari esker, Laboral Kutxa taldeko Iker Ballarin arabarra lider jarri da.
Sailkapena:
1- Jon Barrenetxea (Baque-Ideus) 2:53:56
2- Josu Etxeberria (Caja Rural) d.b.
3- Oier Lazkano (Caja Rural) + 3
4- Iker Ballarin (Laboral Kutxa) + 3
5- Oier Ibarguren (Baque-Ideus) + 3
6- Jokin Murgialdai (Caja Rural) + 3
7- Roger Adria (Lizarte) + 3
8- Francisco Galvan (Lizarte) + 3
9- Jon Agirre (Baque-Ideus) + 3
10- Mario Aparicio (Gomur) + 18