"Primeran" ospatu dituzte sanmartzialak Antzuolako Lizarraga auzoan

Xabi Gorostidi 2019ko eka. 30a, 17:00

Atzo plater jaurtiketa, tritikilariak eta haurrentzako jolasak izan ziren jaietako ekintza nabarmenenak. Gaur aldiz, 7 eta 13 urte arteko 38 gaztetxok hartu dute San Martzialgo igoeran. Mezaren ostean paella eta txuleta bazkaldu dituzte, eta Tortilla la Madre-a afalduz esango diote agur aurtengo sanmartzialei.

Atzo plater jaurtiketa lehiaketan, Clint Eastwood eta John Wayne baino finago aritu ziren parte hartzaileak. Horietako lauk 15etik 15 plater jo zituzten, eta ostean ia ordubetez aritu ziren desenpatean. Lana fin-fin egin ostean, Jose Luis Arregi izan zen garaile. Haurrek gozatu ederra hartu zuten salto-saltoetan eta puzgarrietan eta eguna jaietako klasiko batekin amaitu zuten; zezen-suzkoarekin eta izozkiarekin. Afarian 80 lagun inguru batu ziren, eta afalosteko erromerian Olarte eta Larriñagak jarri zuten musika.

Gaur eguerdian batu jende gehien festara, gaztetxoentzako San Martzialgo igoerarekin eta herriko dantzarien emanaldiarekin. Aurtengo igoeran 7 eta 13 urte arteko 38 lagun aritu nor baino nor.

Gaztetxo bat aldapan gora, fin-fin. (Argazkia: Ion Gurutz Biteri).

Herriko dantzarien emanaldia, ermita kanpoan. (Argazkia: Ion Gurutz Biteri).

Bazkarian menu elegantea izan dute –paella eta txuleta–, eta digestioa arintzen laguntzeko Jon Ostalaza eta Andoni Ezkerrera bikoteak erromeria egingo du. Jaiei ganorazko agurra emateko Tortilla La Madre delakoa afaldu dute, gisatuaren soberakinekin egiten dena tortilla bereziarekin, alegia. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak