Kalebarrengo festa eta San Juan sua, eskutik

Maider Arregi 2019ko eka. 21a, 09:00

Aurten ere, kalebarrengo jaiak eta San Juan bezpera asteburu berean ospatuko dituzte antzuolarrek. Gaur, egubakoitza, emango zaio festari hasiera, haurren danborradarekin; domekan, arbola jaso eta sua piztuko dute Herriko Plazan.

Antzuolarrak herriko jai nagusiaren atarian dauden arren, ospakizunez beteriko asteburua dute aurretik. Iaz bezala, Kale-barrengo jaiek San Juan bezperako ospakizunekin bat egingo dute aurten ere. Gaurtik domekara, askotariko ekintzak izango dira herritar ororendako. Hala, gaur, arratsaldeko zazpietan, jaiei hasiera emango die haurren danborradak –18:30ean, danborradan parte hartuko duten haurrentzat merienda banatuko dute Zurrategin. Gaueko hamaiketatik aurrera, musikak hartuko du protagonismoa eta Talka bertsio talde akustikoarekin emanaldiaz gozatzeko aukera izango da Zurrategin. Indarrak dituztenendako, goizaldeko ordu baterako, festa giroari eta umoreari eusteko, aulki jokoa antolatu dute.

Elkartasun pintxoak

Ohitura den legez, Sagiri eta Anelkar elkarteek elkartasun pintxoak banatuko dituzte gaur, 19:30ean, Zurrategin. Jasotako dirua astelehenean Arrasateko aterpetxera iritsiko diren haur sahararrendako izango da. Izan ere, Debagoienera hamalau haur etorriko dira. Horietatik hiruk Eskoriatzako eta Arrasateko familiekin egingo dute bi hilabeteko egonaldia. Sagiri elkarteko kide Marta Sanchezek aitortu du, baina, Oporrak bakean kanpainako haur kopuru eskaera jaitsi egin dela, oro har. "Egia da iaz haur eskaera egin zuen familiarik ez zela izan Debagoienean; eta aurten, ordea, hiruk egin dutela. Baina, orokorrean, Oporrak bakean ekimenean parte hartzeko familiak bilatzea kosta egin da. Astelehenean etorriko dira bai Arrasateko aterpetxean egongo diren hamaika haur sahararrak eta familietan egongo diren beste hiru. Gurera, hamalau".

Arbola eta sua

Zapatuan, 11:00etan, mural kooperatiboa egingo dute eta ondoren, ginkana. Arratsaldean, berriz, Kalebarrengo auzotarrek arbola jasoko dute, Ondarreko gaiteroen doinuek lagunduta, 20:00etan. Ondoren, herri afaria egingo dute eta 00:00etan, biko-teka, sagar dantza herrikoiari hasiera emango zaio.Domekan, berriz, 12:00etan, gaztetxoen dantza saioa izango da. Iluntzean, eratu berri den udalbatza berriak arbola jasoko du, 20:00etan, eta ospakizunari hasiera dantza saioak lagunduta emango zaio. San Juan bez-perako sua ere piztuko dute eta suaren bueltan herritarrek espiritu txarrak uxatzeko aukera izango dute. Ondoren, Gau Argi taldearen dantzaldia izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak