Adin Mahaia EH Bilduko bi zinegotzik osatu dute. Purita Arregik, zinegotzi zaharrenak, eta Josune Martinezek, zinegotzi gazteenak. Adin Mahaiak gidatuta, udalbazta eratzeko osoko bilkura hasi dute eta kargua hartu dute zinegotziek. EH Bilduk eta EAJk "ez borondatez baizik eta legearen indarrez" hartu dute kargua. Alderdi sozialistak ordea, "hitza eman du".
Sorpresarik gabe, zazpi aldeko botorekin izendatu dute Beñardo Kortabarria Antzuolako alkate. Basilio Ormazabalek hiru boto jaso ditu; boto bat, aldiz, zuri.
Hunkitua eta eskertuta
Beñardo Kortabarria, alkatea, hunkitu egin da. Etxekoak, lagunak eta herritarrak gogoan izan ditu eta eskerrak eman gura izan dizkie. Gogorarazi du Udala irekia dagoela eta herritarrendako zabalik. Inplikazioa eskatu die herritarrei.
Kortabarriak, orain lau urte abiatutako proiektuari jarraipena emango diola azaldu du: "Arduraz, gardentasunez, konpromisoz eta ilusioz jarraituko dugu lanean. Orain lau urte abiatutako proiektuan sakonduko dugu eta jarraipena emango diogu".
Bitxikeri gisa esan, Antzuolan bi agintaldi egingo dituen demokraziako lehen alkatea dela Kortabarria.