Pasa den astean abiatu zuen Pausoka Guraso Elkarteak Antzuolako Herri Eskolaren eredu pedagogiakoa babesteko sinadura bilketa. Hauteskunde aurretik alderdi guztiekin elkartu ziren eta inpresio ona jaso zutela azpimarratu du Pausoka Elkarteko presidente Nora Legorburuk: "Eusko Jaurlaritzara joan gara eta alderdi politiko guztiekin batu gara gure eskola pedagogiaren egoeraz jarduteko. Hasiera batean, erantzun ona jaso dugu; denak saiatuko direla zerbait lortzen eta irtenbideren bat bilatzen adierazi digute. Orain, ikusiko da zer egiten duten". Sinadura bilketarekin, "herriak zenbaterainoko babesa ematen dion eskola ereduari" erakutsiko dutela azaldu dute guraso elkarteko kideek. "Ikusten da herritarren babesa handia dela, eta, atxikimendu honi esker, indarra badagoela erakutsiko dugu Legebiltzarrera joanda".
Irakasle finkoen aldarria
Erretiroa hartzen doaz irakasleak, pixkanaka, eta dagoeneko irakasle finko asko galdu dituela Herri Eskolak gogorarazi dute Pausokako kideek. Eta horrek zuzenean eragiten diola eskola ereduaren egonkortasunari eta jarraikortasunari. "Finkoak diren irakasleak gutxi dira, hori da orain daukagun egoera. Irakasleen mugimendua, gainera, handia da. Sinadura bilketa hau finkotasun hori lortzeko da", azpimarratu du Nora Legorburu Pausokako presidenteak.Eskolaren ereduaren alde elkarlanean, Herri Eskolak eta Udalak badihardute Pausokarekin. Orain, baina, herritarrak batu zaizkie. "Herritarren artean ere laguntzeko gogoa badagoela sumatu dugu. Jende asko gerturatu da, oraingoz, sinadura ematera".
Bestalde, Pausokak gogorarazi du eskola handitzeko lanak hastear daudela. Izan ere, ikasle kopurua handia da, hazi egin baita azken urteetan. Ondorioz, eta joera horrek goraka jarraituz gero, irakasle gehiagoren beharra ere izango dela ohartarazi du guraso elkarteak.
Sinatzeko azken aukera
Bost egunez jarri dute postua sinadurak batzeko. Baina, oraingoz sinatzeko azken eguna bihar, ekainaren 1ean, dute herritarrek. Kalebarrenen jarriko dute mahaia, 12:00etatik 14:00etara bitartean. "Sinatzeko hirugarren egunerako 500 sinaduratik gora batu genituen... balorazio ona egiten dugu. Haurrak ere etortzen dira euren atxikimendua ematera, eta prestatua dugu orri sinboliko bat ikasleendako", dio guraso taldeko Ainhoa Zubikaraik.