Beñardo Kortabarria: "Kontrakoa dioten arren gauza asko egin ditugu"

Maider Arregi 2019ko mai. 24a, 09:54

Atzo iluntzean egin zuen Antzuolako EH Bilduk hauteskunde kanpaina ekitaldia Zurrategin. Ekitaldian zehar, hautagaiek banan-banan nolako Antzuola gura duten koloreztatu eta irudikatu zuten marrazki baten bitartez. Agintaldian egindako inbertsio eta ekimenen berri ere eman zuen EH Bilduk atzo. Ekitaldi "hunkigarria eta jendetsua" izan zela aitortu zuten bertaratutakoek.

Ekitaldiari hasiera Beñardo Kortabarria zerrenda buruak eta egungo Antzuolako alkateak eman zion "hau ez da gaur hasi" esalditik abiatuz. Beñardo Kortabarriak, ilegalizazio garaitik gaur egunera arteko errepasoa egin zuen: "2.100.000 euroko zorrarekin hartu genuen Udala, urtero 200.000 euro inguru zor hori kitatzeko erabili behar izan baditugu ere, gauza asko egin dira azken agintaldietan. Hala, egungo zorra eta gerakina parekatuta dauzkagu".

Kortabarriak azken lau urteotan egindakoaren errepasoa ere egin zuen: "Batzuek kontrakoa dioten arren, gauza asko egin ditugu: Torresoroa, gazte txokoa eta gimnasioa geureganatu ditugu. Ur-parkea eta herritarrendako komun publikoak jarri ditugu. Garbitasunaren egoera hobetu edo zoladura-lanak ere egin ditugu. Eta Antzuolako baserri guztiek ura edukitzearen errealitatea geroz eta gertuago dago". Lehen sektorea indartzeko ekimenak egin dituztela edo herriko gazteekin lanean ari direla ere azpimarratu gura izan zuen atzoko ekitaldian.

EH Bilduko zerrenda buruak nabarmendu gura izan zuen baina, parte hartze plana egin dutela agintaldi honetan: "Gehiengo osoa edukita beste batzuk egingo ez luketen moduan herritarren parte hartze plana egin dugu". Antzuolan, gertatutako uholdeek eragindako ondorioei aurre egiteko lanean dihardutela ere azaldu zien Zurrategiko plazan batutako herritarrei: "Obrak eragindako uholdeei eta haren ondorioei aurre egiten saiatzen ari gara nahiz eta ez eduki laguntza handirik". Ekitaldiaren amaieran, herriko produktuekin osatutako luntxa dastatu zuten bertaratutakoek "ekonomia zirkularra" sustatzea ere badutelako helburu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak