Basilio Ormazabalek, Antzuolako alkategai jeltzaleak, alkatetza eskuratuz gero hartuko lukeen lehen neurria garbiketa araudi bat ezartzea izango dela adierazi du: "Herriko pintadak kenduko nituzke eta herrian garbitasun araudia ezarri. Atez-ateko bilketa sistemarekin ados dauden ere galdetuko nieke herritarrei".
Bestalde, Ormazabalek zerrenda osatzeko zailtasunak izan dituztela onartu arren, Aitor Urrutia eta Miren Elgarresta zerrenda kide izatea eskertu du: ""Eskarmentudun politikariak dira. Helburua laugarren zinegotzia ere lortzea badugu. Izan ere, Iñigo Ramirez De Okariz herritarra dugu laugarren zerrendan. Herritarrei EAJren aldeko botoa eman dezatela eskatu gura diet".
Deskargako autobidea inauguratu izana ere txalotu du alkategai jeltzaleak. Eta herrian pil-pilean dauden bi gairi ere aipamena egin die: "Aintzane Oiarbide Azpiegitura Diputatuak Bergararaino, bidegorria eta ur-kolektorea egingo direla agindu du".
Bestalde, Joseba Egibarrek, Antzuola etorkizuneko sarean jarri beharra aldarrikatu du: "Antzuola ez da uharte bat eta Gipuzkoako herri denen etorkizuneko sarean jarri behar dugu. Herri, eskualde eta lurralde ikuspegia izan behar du Antzuolak. Antzutasunetik eta geldotasunetik ateratzeko Antzuolak astindu eraikitzailea behar du".