Gela aurrefabrikatuak lekuz aldatu dituzte

Maider Arregi 2019ko mai. 10a, 08:00

Herri Eskola handitzeko obra nagusia ikasturtea bukatzean hasiko da. Baina, bien bitartean, gela aurrefabrikatuak tokiz aldatu dituzte. ikasleek dagoeneko bertan jasotzen dituzte eskolak. geletatik patiorako zuzeneko sarbidea ere egokitu dute

Aste Santuko oporren bueltan, Herri Eskolako gela aurrefabrikatuak lekuz aldatu dituzte, eskolako patioaren alboan zeu-den aparkalekuen gunera eroan dituzte-eta jada. Aste Santuko oporren ostetik, ikasleek erabil-garri dituzte gelak. Herri Eskola handitzeko lanek, aldiz, ikasturtea amaitu arte itxarongo dute: "Esan digute eskolako obra udan hasiko dela, baina ez digute gehiago argitu. Obra izango da justu aurrefabrikatuak zeuden tokian. Horregatik mugitu dira tokiz eskolako patio ondoan zeuden aparkalekuen gunera. Obra nork egingo duen esleitzeke dago", dio Hirigintza teknikari Valen Moñuxek. Eta behin eskola handitzeko lanak hasten direnean ezingo da barruko patiotik kanpoko patiora joan. Eta horregatik behin-behineko sarrera egin dela gela aurrefabrikatuak dau-den tokitik eskolako patiora argitu du Valen Moñuxek.

Haur eskola

Herri Eskolako lanekin lotura dute haur eskola gazte txokora eramateko lanek ere. Moñux Hirigintza teknikariak aurreratu du hasita daudela egokitze lanak. "Ekain hasieran bukatuko dira haur eskola egokitzeko lanak". Beñardo Kortabarria Antzuolako alkateak argitu du gazte txokoa egokitzeko lanak beharrezkoak direla, haur eskolak kondizio bereziak behar dituelako: "Ohartu gara haur eskola eskolako eraikinean dagoela eta obragunetik kanpo mantendu beharreko zerbitzua dela. Horregatik, gazte txokora eramango da zerbitzua". Egokitzapen lanak egin behar dira, ordea, eta 25.000 euro inguruko kostua izango dute lanok. "Antzuolako herriarendako, haur eskolaren zerbitzua estrategikoa eta oso garrantzitsua da, gainera; eta, beraz, beharrezkoak diren egokitzapenak egingo ditugu bertan", argitu du Kortabarriak. Auzo-lanean egingo da trasladoa eta ekainerako haur eskola gazte txokoan egongo da; ondorioz, apirilerako amaitu egin da gazte txokoko aurtengo kurtsoa.

Bestelako lanak

Eskola inguruan egiteko dauden bestelako lanen artean daude eskolako balkoia berritzea. Herdoilduta dago eta hau osorik berritzeak 15.000 euroko kostua dauka. Patioaren itxidurarako ere 40.000 euro jasoak ditu aurtengo aurrekontuak. Hala ere, eskolako obren ondorioz, osorik ezingo dela patioa itxi aurreratu du alkateak: "Gela aurrefabrikatuak patioaren ondoan daude eta sarrera zuzena egin zaio. Horregatik, hesiaren zati bat itxiko dugu soilik aurten".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak