Berezia eta indartuta dator aurtengo San Isidro eguna: maiatzaren 18an, zapatua, lehen sektoreak eta artisauek egiten duten lana azaleratu eta balioan jarriko dituzte. Baina aurten, beste bi egun esanguratsu batuko zaizkio baserritarren egunari: Debagoieneko Artzain Eguna eta Atzegi eguna. Hala, alde batetik, baserritarren ganadua Herriko Plazan izango da erakusgai goiz osoan. Baita artisauen lanak ere Kalebarrenean –bestelako saltzaileak Zurrategin izango dira–.
Bestetik, adimen urritasuna duten pertsonen Gipuzkoako elkarteak, Atzegik, batzar orokorra egingo du Olarango areto nagusian, 11:45ean hasita. Elkarteak San Isidro eguneko festa giroarekin bat egingo du eta adimen urritasuna duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko aldarrikapena egingo du. Aurten, gainera, hogeigarrenez batuko da elkartea. Helburu nagusiak, baina, ildo beretik jarraitzen duela diote: "Ondo pasatzea eta herrietako atzegizaleak berriro elkartzea".
Bildotsa burruntzian
Goizean goiz hasita, hogei bildots erreko dituzte plazan; 12:30etik aurrera, 750 pintxo inguru banatuko dituzte eta ateratzen den dirua herriko lau talderentzat izango da: Sagiri, Ez Dot Moztuko Bizarra, Gaztetxea eta Oinarin, hain zuzen. Eta aurten ikusmina piztuko duen ekimenetako bat izango da, zalantzarik gabe, ahariaren pisua asmatzearen jokoa. Nork bere apustua egiteko aukera izango du, 11:00etatik hasi eta 12:00etara bitartean.
Tailerrak
Artzaintzari lotutako bi tailer eskainiko dira, 12:00etan, plazan. Batetik, gatzatua nola egin erakutsiko dute; bestetik, artilea hari izateko prozesua. Txakolina, txorizoa eta gazta dastatzeko aukera ere izango da. 12:30ean, 75 urtetik gorako herriko artzainei omenaldia egingo diete eta 13:00etan Zurrategin aizkolarien erakustaldia izango da.
Herri bazkaria
Patioan egingo da herri bazkaria 14:30ean. Txartelak salgai udaletxean eta liburutegian. Erosteko azken eguna maiatzak 13, astelehena. Umeendako menua 12 euro (iberikoak, urdaiazpiko kroketak, KM 0 hanburgesak parrilan patatekin eta izozkia); helduena 20 euro (entsalada mistoa, baserriko oilaskoa parrilan, txerri saiheskia parrilan, pasteltxoak, kafea eta edaria: sagardoa txotxean, ardo gorria, beltza edo zuria eta ura). Mahaiak muntatu eta jaso, bazkaltiarren artean. Bazkaria catering-ekoek zerbitzatuko dute. Ontziak eta mahai-tresnak berrerabilgarriak izango dira. Ondoren, Nafarroa kanta taldearekin saioa.
Emakume artzainak
Maiatzaren 16an, Dominika eta Akabuko martxea dokumentalen emanaldia eta solasaldia izango dira Olararen, 18:30ean. Lehenak emakumeek artzaintzan duten rola azaltzen du. Bigarrenak Zegamatik Uribe Kostara egin ohi zen transhumantzia bidea erakusten du. Solasaldian izango dira Aitor Gisasola zuzendaria eta Antzuolako artzainak. Maiatzaren 17an, berriz, bertso kalejira egingo dute, Miren Amuriza eta Beñat Gaztelumendirekin, Zurrategin hasita, 19:30ean.
Egitaraua
San Isidro eguna, Debagoieneko artzain-eguna eta Atzegi eguna. Azoka goiz osoan zehar. Artisauak Kalebarrenen. Bestelako saltzaileak Zurrategin.
- 09:30-12:30 Bildotsak burruntzian erreko dira. Ondoren (12:30etik aurrera) pintxoak banatuko dira, eta ateratzen den dirua herriko lau talderentzat izango da: Sagiri, Ez dot moztuko bizarra, Gaztetxea, Oinarin.
- 11:00 Salda eta txorizoa Trekutzen.
- 11:45 Atzegi Eguneko Asanblada Olaranen. 1
- 2:00 / 13:30 Txakoli-dastaketa, Buztinzuri inguruan.
- 11:00 Gatzatua egiteko tailerra, herriko plazan.
- 11:00 Artiletik harira tailerra, herriko plazan.
- 11:00-12:30 Ahariaren pisua asmatzera.
- 11:12:30 Gazta-dastaketa. 12:30 Omenaldia 75 urtetik gorako herriko artzainei.
- 13:00 Aizkolariak Zurrategin.
- 14:30 Herri-bazkaria patioan, Nafarroa Kanta Taldeak lagunduta.
- 18:00 Emakumezkoen Pilota Txapelketako Finalak, frontoian.
- 21:30 Fan&Go taldearekin erromeria Zurrategin.
- 23:00 Kontzertuak Gaztetxean.