Gipuzkoako Bazkundeak Gipuzkoako Enpresa Sarien banaketa ekitaldia egin du, eta, hain zuzen ere, enpresak saritu ditu nazioartekotzeko eta prestakuntzako arloetan egindako lanagatik. 27. aldia izan da aurtengoa.
Sarituetako bat Antzuolako Erreka izan da; hain zuzen, Enpresa nazioartekotzeari saria jaso du, negozio ildo bakoitzeko nazioartekotze modelo ezberdin bat izateagatik munduan barrena. Hiru negozio unitate, hiru nazioartekotzeko modelo, eta salmenten % 50 baino gehiago kanpoko merkatuetan zabaldurik baititu Errekak.
Munduan hedatutako enpresa
Erreka 55 urte dituen Mondragon Taldeko industria kooperatiba bat da. Hainbat sektore eta merkatutan dago eta bere aktibitatea hiru negozio unitatetan banatzen da. Batetik, Fastening solutions dago: Errekaren jatorrizko aktibitatea da eta sektore eolikorako eta eraikuntzarako exijentzia handiko forjazko torloju beroak egiten ditu.
Bestetik, Plastics: automobilgintza sektorerako plastikozko injekziozko pieza teknikoak egiten ditu. Eta, azkenik, Sarbide automatikoak: oinezkoentzako ate automatikoak eta egoitzen sektoretako sarbide automatizatuak egiten eta jartzen ditu. Erreka kooperatiba hiru kontinentetan banatutako laguntza zentroekin, bost delegazio komertzialekin eta lau instalazio produktiborekin dago munduan barrena hedatuta. Egun, Erreka 430 langilek osatzen dute: erdiek Antzuolako egoitza zentralean eta Bergaran egiten dute lan, beste 35ek Espainiako Estatuan eta gainontzekoak, 150, atzerriko instalazioetan dabiltza.
Beste saritu batzuk
Esergui-Aviak urteko Gipuzkoa enpresa saria jaso du eta Donostiako Elkar enpresak, berriz, Zerbitzu enpresa saria eraman du, "negozio modeloa egokitzeagatik".