Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleei zuzenduriko Nafarroa Ezagutu Sarearen I. Lehiaketa ospatu berri da. Helburua izan da Nafarroa Ezagutu Sarea osatzen duten 44 espazio natural eta berezi ezagutzera ematea eta lurralde-garapen iraunkorrean inplikatzea. Nafarroako ikastetxe ezberdinetako 250 ikaslek hartu dute parte lehiaketan.
Erredakzio Digitalaren modalitatean, Etxarri Aranazko San Donato Ikastetxe Publikoko Lehen Hezkuntzako 4. mailako 18 ikaslerentzat izan da saria, Beheko Basoa proiektuarengatik. Lan horretan, herritik gertu dagoen basoan zehar ibilaldia egitea proposatu dute ikasleek eta San Donatoko ermitaraino igotzea; ibilbidea erromatar galtzadak zeharkatzen du.