Emakumea eta mendiko kirol zaletasuna Mendi Astearen ardatz

Maider Arregi 2019ko mar. 26a, 10:09

Mendiaz askotariko jarduerekin disfrutatzeko aukerak daudela azaleratu gura ditu Arrolaren Mendi Asteak. Martxoaren 26tik 31ra bitartean ikus-entzunezkoak, solasaldiak eta irteerak egingo dira; Aurten, emakume kirolaria da abiapuntua Ane Hernani mendi eskiatzailearen eta Silvia Trigueros korrikalariaren eskutik.

Arrolaren Mendi astearen helburua mendi zaletasuna sustatzeaz gain, mendian ibiltzeko bestelako jarduera batzuei ere arreta jartzea da. 1972an sortu zen ofizialki Arrola Mendizale Elkartea eta betidanik antolatu du Mendi Astea. "Herrian zaletasuna dago; jende asko ibiltzen da eskiatzen zein korrika, batez ere belaunaldi berriak. Eurei zuzendua ere badago mendi astea", azaldu dute antolatzaileek.

Iaztik ordea, emakumeekin zorretan geratu zirela aitortu dute. "Aurten emakumeak eta mendia uztartu nahi izan ditugu, era xumean, bi saio besterik ez direlako. Uste dugu mendizaletasunak oso maskulinoa izaten jarraitzen duela, eta honen bitartez emakumeen zereginak ere goraipatu eta bultzatu nahi ditugu. Aldi berean, sustatu nahi dugu Arrolak ingurumenarekin izan duen errespetuzko hartu-emana; batez ere herriko ingurumenari erreparatu diogulako". Horren isla dira urtean zehar egiten diren ekintzak eta auzolanak: iturriak edo bideak berreskuratzeko. "Auzolana esaten dugunean, komunitatean egindako mendi zaletasuna sustatu nahi dugu, une honetan krisian dagoena".

Kanadako mendi eskia

Ane Hernani elorriotarrak orain bi urte Kanadara egindako "ametsetako" bidaiaz jardungo du martxoaren 26an, Olaranen 18:30ean. Hernanik mendiko eskia maite du eta beste hiru lagunekin bizitako abenturaz jardungo du. Expect the unexpected ikus-entzunezkoan jaso ditu bidaiaren bizipenak. "Gure taldeko kide bat mendi eski gidaria da; oso ondo antolatutako irteerak egin genituen. Helikopteroz soilik joan daitezkeen parajetan ibili ginen. Ikaragarria izan zen. Gainera, gure bidaiaren amaieran, elur-jausi ikaragarri bat bizi izan genuen geure begien aurrean. Bizitzako espektakulua bizi izan genuen. Bideo hori gainera, birala egin zen eta ikus-entzunekoaren ideia etorri zen".

 

Egitaraua

Ane Hernaniren solasaldiaz gain, Silvia Trigueros mendi korrikalariak bere bizipenak kontatuko ditu. Italiako Aosta bailaran egindako proba gogorraz jardungo du. 24.000 metro positiboko altuera eta 330 kilometro dituen proba da. Ikus-entzunezkoa eta hitzaldia, martxoaren 28an, Olaranen, 18:30ean.

Eta martxoaren 31n, auzolana deitu du Arrolak. Trekutzeko aisialdi gunea txukuntzera joateko deia egin diete herritarrei. 09:00etan Olaran etxe aurretik abiatuko dira.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak