Galeano ahizpak pozik egindako txapelketarekin

Maialen Regueiro 2019ko mar. 15a, 12:17

Antzuolarrak Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketan aritu dira. Martxoaren 1ean jokatu zituzten final-laurdenetako partiduak eta ez ziren finalerdietarako sailkatu. Otsaileko Gipuzkoako eskolarteko txapelketan, aldiz, txapeldunak izan ziren

Leirek 11 urte ditu eta duela hiru urte hasi zen pilotan jokatzen. Nagorek, berriz, 14 urte ditu eta duela bi urte hasi zen pilotan entrenatzen. Izan ere, Galeano ahizpek txikitatik ikusi dute aita pilotan jokatzen, eta kirol honekiko duten zaletasuna hortik datorkiela adierazi dute. Aurten, bigarrenez, Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketan aritu dira antzuolarrak. Are gehiago, Joxe Mari Galeano da Leireren eta Nagoren aita, eta txapelketan alaben entrenatzaile gisa aritu da. Aitak, gainera, aitortu du etxean beti animatu izan dituztela alabak horrelako txapelketetan parte hartzera. Alabek egindako bi txapelketen inguruan honako hau adierazi du: "Alabek finallaurdenetako partiduak jokatzea izugarrizko pausoa izan da eta oso pozik gaude lortutako emaitzekin. Ezin izan ziren hurrengo faserako sailkatu, baina azken partiduetan emaitza onak lortu zituzten".

Final-laurdenetako partiduak

Urtarrilaren 27an hasi zen txapelketa sailkapen faseko partiduekin. Hala, antzuolarrek lehen kanporaketan beste bi bikoteren aurka jokatu zuten eta biak irabazi zituzten: 4-18 eta 18-2. Bi partidu horietan lortutako garaipenei esker, otsailaren 10ean beste kanporaketa bat jokatu zuten, Sodupeko pilotalekuan. Bertan, beste bi partidu jokatu zituzten, eta, lehena irabazita –05-18– eta bigarrena galduta –15-18–, final-laurdenetarako sailkatu ziren. Txapelketa honetako finalerdiko partiduak martxoaren 1ean jokatu ziren, Urduñako pilotalekuan. Galeano ahizpek jokatutako bi norgehiagokak galdu zituzten, baina emaitza onak lortu zituzten: lehen partiduan, Uharteko bikote baten aurka jokatu zuten eta markagailua 18-14 zegoela amaitu zen partidua. Egun bereko beste kanporaketa Azpeitiko eta Zestoako bikote baten aurka jokatu zuten eta antzuolarrek 16-18 galdu zuten.

Adin aniztasuna

Laboral Kutxa Emakumeen Master Cup txapelketan Euskal Herriko herri desberdinetako emakumeek hartzen dute parte, baina baita adin desberdinetakoek ere. Izan ere, aurtengo edizioan, 11 urterekin, Leire izan da txapelketako partaiderik gazteena. Baina, kasu honetan, Reyes Azkoitia bergararrak ere hartu du parte, 66 urte ditu eta hura izan da partaiderik helduena. Horren harira, eta adin desberdintasuna aipatuta, Galeano ahizpek honako hau adierazi dute: "Parte hartzaileen artean adin desberdintasuna egon da, baina guk berdin-berdin jokatu ditugu partiduak eta konturatu gara, txapelketako gaztetxoenak izanik ere, besteen mailan egon garela".

Pilota Antzuolan

Antzuolan hogeita bost urtetan ez da egon pilotan aritzen zen emakumerik, eta duela hiru urte Leire hasi zen kirol hau praktikatzen. Era horretan, herriko emakume bakarra izan zen. Antzuolako txapelketa irabazi zuen, baina beti gizonezkoekin jokatu izan du. Gerora, emakume gehiago gehitu dira Antzuolan pilotan jokatzera. Gaur egun, esate baterako, bost emakume ari dira kirol hau praktikatzen herrian, baina, emakumezkoen txapelketetan izan ezik, gainontzekoetan gizonezkoen aurka jokatzen dute.

Eskolarteko txapelketa

Otsail hasieran Galeano ahizpek Zaldibian jokatu zen Eskolarteko Gipuzkoako pilota txapelketan hartu zuten parte eta euren kategorian –infantil mailan– txapeldunak izan ziren, hain zuzen ere, jokatutako bi partiduak irabazita. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak