Antzuolako 8 Miliak mendi lasterketa domeka honetan izango da. Aurtengoa zazpigarren edizioa da, eta, lasterketa herrikoian, mendiaz gozatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek.
Lasterketa 10:30ean hasiko da eta urteroko ibilbide bera eta ia 14 kilometro egin beharko dituzte proban parte hartzen dutenek. Dortsalak egunean bertan hartu beharko dira, Antzuolako eskolako patioan, helmuga ondoan, 08:45etik 10:00ak arte. Dortsalak libre geratzen badira, berriz, 10:00etatik 10:15ak arte izena eman ahal izango da, 15 euroren truke.
Txikienak, minimotorrekin
11:00etan, aldiz, txikienen txanda izango da. Urte batetik laura bitarteko haurrek minimotorren lasterketari emango diote hasiera. Azken honetan parte hartzeko, plastikozko motortxoa eta kaskoa eraman beharko dute parte-hartzaileek, eta gurasoek sinatutako baimenak bertan jasoko dira.
Bi proben ostean, hamaiketakoa egongo da parte-hartzaile guztientzat, eta amaitzeko, 13:00etan, sari banaketa egingo da. Azken honetan, helduen lasterketako errekorra gainditzen duenarentzat 100 euroko saria egongo da, gizonezko eta emakumezko mailetan.