"Izena izanaren jabe" bilakatu duen bloga

Maider Arregi 2019ko urt. 27a, 10:00

Antzuolako kultura eta natura ondarea urteetan jaso dituen bloga da Irinmodo. Iñigo Ramirez de Okariz historialaria da bloga elikatzen diharduena 2012az geroztik; orain, laster batean, blogean 500. artikulua idatziko du, eta herritarrekin ospatu gura du.

Duela zazpi urte, 2012an, idatzi zuen Iñigo Ramirez de Okariz historialariak bere lehen artikulua Irinmodo blogean. Eta laster batean 500. atala kaleratuko duela kontatu dio antzuolarrak GOIENAri.

"2012ko abuztuaren 2an kaleratu nuen lehendabiziko atala. Gaia Uzarraga elizako erretaula nagusia izan zen. Beraz, atal desberdinak kaleratuz, zazpi urte bete behar ditut jada bloga elikatzen". Antzuolako kultura eta natura ondareaz dihardu blogak, eta, gainera, euskaraz. "Aitortu beharra dago zabalkunde aldetik muga batzuk ere badituela blogak. Alde batetik, gurea herri txikia da; eta, bestetik, euskaraz idatzia dago. Mugarriak muga, baina, gure herri nortasuna zabaltzeko baliagarria izan delakoan nago.

Alegia, modan dagoen esanarekin bat eginez, izena izanaren jabe bihurtu dugula gure herria", aitortu du Iñigo Ramirez de Okarizek. Eta 500. artikulua argitaratzear dagoela kontuan izanik, historialariak, Antzuolako Udalaren laguntzarekin, zozketa bat antolatu du otsailean egiteko. "Nolabait, ospatu egin nahi dugu 500. atala kaleratuko dugula blogean. Zozketak otsailean astero-astero egingo ditugu. Asmoa da herriari buruz idatzitako liburu sorta bat zozketatzea. Sorta bakoitzean hamabi bat liburu daude", azaldu Ramirez de Okarizek.

Parte hartzeko

"Irinmodo blogean idatzitako atalen inguruko galdera batzuk egingo ditugu eta horiei erantzun beharko dizkiete herritarrek parte hartzeko. Hala, asmatzen dutenen artean, aipatutako liburu sorta zozketatuko dugu". Beraz, erne otsaileko asteburuetan argitaratuko diren atalei. Izan ere, galdetegitxoa –bost galderakoa– argitaratuko du blogean. "Animatu nahi zaituztet parte hartzera, eta Antzuolari buruz idatzitako liburuak eskuratzera", nabarmendu du.

Liburu sorta zozketatuko dute Antzuola oinarri duten liburu sortak zozketatuko dituzte Irinmodo blogean, otsaileko asteburuetan argitaratuko diren galderak zuzen erantzuten dituztenen artean. Besteak beste, Antzuolako hizkera, antzinako argazkien bilduma, maristek Antzuolan izan zireneko istorioak, herriko ohitura zaharrak... jasotzen dituzte liburuok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak