Izotza, neguko protagonista, iruditan

Maider Arregi 2019ko urt. 18a, 13:13

Iker Aizkorbe argazkilariak izotzaren edertasuna erretratatu du naturan. "Argazkiak bi gaik banatzen dituzte: hosto izoztuek eta potzu izoztuek", dio artistak.

Hostoak kras-kras

"Neguko goiz hotzetan, izaren berotasunak ohetik ez ateratzera gonbidatzen gaituen horretan, leihotik begiratu eta dena txuri ikusten da. Burutik, argazki eran, zenbait irudi pasatzen hasten zaizkit eta lurrera begiratuta zer aurkitu daitekeen imajinatzen. Goiza aurrera baldin badoa, eguna berotzen joango da, eta horren ondorioz, irudi asko desagertzen hasiko dira... Jaikitzeko momentua da! Bero gosaldu eta arropez lepo jantzi eta gero, kamera bizkarrera bota eta naturara ateratzen naiz. Zein polit ageri den dana udazkeneko azken egunetan negua sartu eta bien arteko nahasketa bat sortzen den momentu horietan... Lurrak, ibiltzen noan heinean, kras-kras egiten du. Gau osoan zehar lurreko hostoetan hotzak sortutako lentzurda (eskartxa) apurtzen noa pausoz pauso, baina kolore jolas baten bila edo hosto ezberdinez sortutako argazki baten bila nabil, eta aurkitu arte ez naiz geldituko. Bilaketak bere fruitua dakar. Izotza urtu aurretik argazkia atera beharra dago, bestela ez dago bueltarik".

Izotzezko putzua

"Argazkizale naizenetik, eguraldi ona eta giro aproposa bereizten ikasia naiz, eta batzuentzat etxean gelditzeko giroa dagoen horietan, beste batzuontzat, kamera lepoan hartu eta kalera ateratzeko momentua izaten da. Euri egun batzuk eta gero, neguak hotza dakar gure kaleetara. Egun hauetan, 0º azpitik markatu izan du termometroak egunsentitan, eta aurreko egunetako eurien ondorioz sorturiko potzu izoztuak bilatzera ateratzeko momentua da. Ez da erraza izaten, izara azpian zauden berotasunetik irten eta kalean dagoen zero azpitiko tenperaturetara ateratzea, baina argazki mota batzuk lortzeko ez dago beste modurik, eta norbere desioek markatzen dute momentuko erabakia. Eta aurreko gauetik, nire desioa garbia da, 'bihar izotza izango da bazter guztietan eta argazkitara aterako naiz bai ala bai'. Liluragarria da, izotz putzu batek sortzen dituen marrazkiei begira gelditzea eta zein detaile politak sortzen diren ikustea. Orduak eta orduak joan daitezke putzu bakar baten sortzen diren irudi ezberdinak argazkitan batzen. Sinesgaitza bada ere, argazkitan nagoen momentu horretan kanpoan dagoen hotza ez sentitzera ere iritsi izan naiz askotan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak