Landa-bideak egokitzeko lehen urratsak, eginda

Amaia Zabala 2019ko urt. 18a, 12:53
Urtarrilaren 5ean auzoz auzo egin zuten bisitan.
Antzuolako udala baserri-bideak konpontzeko lehen pausoak ematen hasi da; urtarrilaren 5ean, auzo-alkateekin bideak bisitatu eta hondatutako zatiei argazkiak atera zizkieten. Hurrengo pausoa ingurumen batzordean lehentasunak ezartzea da.
Antzuolako Udalak urtero bideratzen du diru partida bat baserri-bideak konpontzeko, eta iaz, lehen aldiz, egun zehatz bat jarri eta auzoetako alkateekin eta bizilagunekin batera hondatutako bideak bisitatzera joaten hasi ziren. "Elkarrekin bide hauek ikustera joatea oso positiboa da, askotan bakoitzak ez baitaki bestearen auzoko bidea nola dagoen, eta, hain zuzen, bereari ematen dio lehentasuna; modu honetara, denok ikusten ditugu guztiak eta errazagoa da lehentasunak ezartzeko garaian", dio Beñardo Kortabarriak, Antzuolako alkateak.
 
Aurten, urtarrilaren 5ean elkartu ziren eta auzoz auzo joan ziren baserri-bideak bisitatzera: "Talde polita bildu ginen, egia esatearren, eta goiz osoa pasatu genuen, auzoz auzo, apurtuta dauden edo konpondu beharra duten bide zatiak identifikatu eta argazkiak ateratzen" argitu
du Ion Iturbek, Hirigintza zinegotziak.
 
Jakinarazi dute hurrengo pausoa izango dela Ingurumen batzordean bildutako materiala aztertzea eta lehentasunak markatzea, eta prozesu horretan udal teknikariek aztertuko dutela konponketa bakoitzaren
batez besteko kostua. Ingurumen batzordea urtarrilaren amaieran edo otsaileko lehen astean batzea
aurreikusten dute.
 
Antzuolako alkateak aditzera eman du baserri-bideak konpontzeko 23.000 euro bideratzea dela beraien helburua, eta hilaren 29ko osoko bilkurara eramango dute proposamena, bertan onartua izan dadin: "37 kilometro baserri-bide daude Antzuolan eta horien konponketa osoa Udalari dagokio; badakigu diru hau ez dela nahikoa konponketa guztiak egiteko, baina guztiak urte berean konpontzea ezinezkoa dugu. Horregatik da garrantzitsua lehentasunak ezartzea", dio alkateak.
 
Bestalde, Kortabarriak gaineratu du konponketen plangintza egingo dutela, baina balitekeela iaz bezala planteamendu hori bertan behera utzi behar izatea: "Iaz, esaterako, 30.000 euro aurreikusi genituen landa-bideak konpontzeko; uholdeen ondorioz, ordea, adostua genuen plangintza guztia aldatu behar izan genuen eta, adostutakoaz gain, beste 120.000 euro gastatu behar izan genituen bide hauek konpontzen".
 

Sei baserri-auzo eta 96 baserri

Antzuolak sei baserri-auzo ditu eta une honetan 96 baserri daude zutik. Biztanleriari dagokionez, herritarren %17-20 bizi da baserri horietan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak