Iosu Zubikarai: "Azkenaldian, etxetik kanpo partidu onak egiten gabiltza"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2018ko abe. 21a, 08:00

Domekan, 17:00etan, Beasainen aurka jokatuko du Antzuolak ligako 15. jardunaldia. Taldearen egoeraz eta egiten ari diren lanaz berba egin du Iosu Zubikarai entrenatzaileak. Laguntzaile lanetan Mikel Lizarazu du Zubikaraik.

Zestoaren aurka 5-0 irabazi ostean jokatuko duzue Beasainen. Horrelako emaitzek indarra ematen dute?
Bai; gainera, zortzi bat jardunaldi gindoazen partidurik irabazi barik. Idiazabalen irabazi genuen orain dela bi aste, eta etxean irabaztea ere tokatzen zitzaigun. Gustura gaude emaitzarekin.

Beasaingo partiduarekin denboraldi erdia eginda izango duzue.
Bai, Beasaingoa izango da lehenengo itzuliko azkeneko partidua. Ondo hasi ginen, hiru partidutan 7 puntu batu genituen; ondoren, berriz, bolada txarra harrapatu genuen. Ea azkeneko partidu honetan etxetik kanpo punturen bat lortzeko aukera dugun.

Nola jokatu beharko duzue Beasaini aurre egiteko?
Azkenaldian, etxetik kanpo ondo gabiltza. Atzean bost jokalarirekin irteten gara, eta eroso gaude sistema horrekin.

12. postuan zaudete, 17 punturekin. Nola ikusten duzu taldea?
Antzuola batendako, denboraldia salbatzea da garrantzitsuena. Badakigu zertarako gauza garen eta zer daukagun. Urtea jende gutxirekin hasi genuen; eta, gainera, lehenengo jardunaldian Ander Arana urte guztirako lesionatu zitzaigun. Guretako, ez da denboraldi erraza izaten ari; helburua mantentzea izango da.

Urtarrilaren 13an itzuliko zarete. Atseden hartuko duzue?
Egun batzuk jai hartuko ditugu eta urtarrileko lehenengo astean hasiko gara entrenatzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak