Mozorroak atera eta hartu parte kuadrillan!

Maider Arregi 2018ko abe. 5a, 08:00

Laugarrenez ospatuko da San Esteban eguneko krosa abenduaren 26an, eguaztena. Aurten, baina, kuadrillan eta festa giroan parte hartzeko dei egin du Udaleko Kirol Sailak. Mozorroak ateratzera animatu gura dituzte antzuolarrak, hain justu ere.

Bailara mailan errotuz joan den herri krosa da San Estebangoa. Aurten, baina, hasierako festa giroa berreskuratu gura dutela aitortu du Kirol zinegotzi Garazi
Larreak: "Hasierako jai giroa bueltatu dadin gura dugu; krosa ez da lehiaketa bat. Parte-hartzaileak mozorrotuta eta batez ere, kuadrillan, kamiseta berdina jantzita, adibidez, ikusi gura ditugu. Laugarrenez egingo den krosak lehenak izan zuen kutsu bera berreskuratzea gura dugu". Gabonen atarian egiten den herri lasterketan, Antzuolatik ez ezik, alboko herrietatik ere etortzen dira. "Harrigarria da; izena Antzuolako udaletxean eta liburutegian bakarrik eman daiteke, eta Zumarragatik eta inguruko herrietatik ere etortzen dira".

Abenduaren 10era arte izena eman daiteke San Esteban krosean. "Aurrez izena eman duten guztiendako sariak izango dira. Egunean bertan izena eman daiteke, baina horiek ezingo dute zozketan parte hartu". Iaz, 180 lasterkari pasatxok parte hartu zuen.

Haur eta gaztetxoak, lehenengo

Hiru txandatan irtengo dira lasterketa egitera. Lehenak 5 eta 8 urte artekoak izango dira, 17:30ean hasita. 17:45ean, benjaminen, alebinen eta infantilen txanda izango da. 18:00etan, berriz, kadeteena eta hortik gorakoena. Sariak, zozketak, festa eta musika izango dira nagusi abenduaren 26an, eguaztena, Herriko Plazaren bueltan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak