Andramanuelak feminista taldeak lanean jarraitzen du emakumeen ahalduntzearen alde

Antzuolako emakume talde feministak, Andramanuelak, urtebete daramatza emakumeen ahalduntzearen alde lanean eta indarkeria matxista salatzen. Domekan, indarkeria matxistaren aurka protesta egingo dute antzuolarrek Herriko Plazan, 13:00etan.

Andramanuelak emakume talde feminista urtebete bakarrik daraman arren lanean, urte emankorra izan dela kontatu du Josune Martinezek, taldeko kideak. "Urte honetan zentratu gara, batez ere, emakumeen aurkako erasoak salatzera. Horren aurrean antzuolarren babesa jaso dugu eta parte hartze polita sumatu dugu. La Manada auziak eragindako erantzuna, adibidez, hor dago. Hainbat elkarretaratze egin genituen, eta herritar asko eta asko kalera irten dira gurekin batera hura salatzera. Erantzun polita izan zela uste dut". Esku artean, baina, greba feministaren gaia dutela aurreratu dio GOIENAri emakume talde feministako kideak: "Bailara mailan, elkargune bat sortu guran gabiltza eta Martxoaren 8ari begira emakumeon greba antolatu gura dugu. Abenduaren 14aren bueltan –zehazteke dago oraindik eguna– batzar irekia egin gura dugu, eta greba antolatzeko taldea sortu gura dugu Antzuolan".

Emakumeen Mundu Martxa

Martinezek esan du Emakumeen Mundu Martxako Protokoloan sartzeko eztabaida mahai gainean duela Antzuolako emakume talde feministak. Helburua indarrak batzea dela dio Andramanuelak taldeko kideak: "Erailketak izan direnean Euskal Herrian kalera irten gara eta hor ere sentitu dugu herritarren babesa oso handia izan dela. Horregatik, eta erantzun bateratu baten bila, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxako Protokoloan sartu edo ez erabakitzen ari gara une honetan. Eztabaida irekia da, antzuolar orori irekia dagoena".

Elkarretaratzea

Azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna izango da. Hala, domekan, elkarretaratzea egingo dute, Herriko Plazan, eguerdiko ordu batean, Ez gae danok! lelopean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.