Aurreikuspen guztiak gainditu ditu Euskaraldiak Antzuolan. "Uste baino jende gehiagok eman du izena eta oraindik astebete falta da. Oso balorazio positiboa egiten dugu. Oraingoz, 300 herritarrek baino gehiagok eman dute izena eta dagoeneko rolean sartuta ere badaude asko", argitu du Euskara zinegotzi Jon Ugarteburuk. Izena emateko aukera badago oraindik, eta azaroaren 22an, eguen iluntzean, postua jarriko dute erdigunean.
Egitarau polita
Azaroaren 23an, hasiera ekitaldia egingo da Zurrategin, 19:30ean. Pintxoekin lagunduta sorpresaren bat edo beste izango dela aurreratu du Ugarteburuk. Hilaren 29an, berriz, bertso-poteoa egingo da Oihana Iguaran eta Aitor Sarriegirekin, 19:30ean, Beheko auzotik abiatuta. Abenduaren 1ean, Antzuolako hitanoa aztertu duen Onintza Legorburuk hitzaldia eskainiko du Olaranen, 11:30ean. Abenduaren 3an, berriz, Herri Eskolako ikasleek flashmob-a egingo dute Zurrategin, 16:30ean.
Txistulariak, Euskaraldiarekin bat
Antzuolako txistulari taldeak ere Euskaraldiarekin bat egin du eta hamaika egunez rol bat izango dute. Horren erakusle, plazan atera duten talde argazkia.
Euskaraz, egunero
Hamaika egun horietan hartutako rola eutsi eta ikasitako ohitura horiekin jarraitzeko eskaera egin dute Euskaraldiko Batzordeko kideek.