"Bost panelekin osatu dugu erakusketa, gure proiektuei buruzko argazkiekin, prentsa-ebakiekin ... eta horrez gain, 15 minutuko ikus-entzunezko bat ere proiektatu dugu" adierazi du Anelkarreko kide den Jabi Etxanizek.
Dudak izan zituzten erakusketak izan zezakeen erantzunari buruz; barikua zelako, eta eguraldia ez zelako aproposena. Baina, beldur guztiak uxatu egin zitzaizkien, antzuolarrek emandako erantzunaren aurrean. "Benetan eskertuta gaude antzuolarrei. Erantzuna paregabea izan da. Etxetik jakiak ekartzeko eskatu genuen, eta mordoa jaso genituen. Horrez gain, gure proiektuak finantzatzen jarraitzeko itsulapikoa jarri genuen, eta 578 euro batu genituen. Milesker denei, bihotz-bihotzez!"
