Herriko merkatariek garbi dute azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean antzuolar guztiak inplikatu gura dituztela Euskaraldiarekin. Hala, herritarrak motibatzeko asmoz, lehen hitza euskaraz egingo dutela azpimarratu dute. "Maiz, aurreiritziekin jokatzen dugu eta gaztelerara errazegi jotzen dugu. Ondoren etortzen zaizkigu sorpresak. Izan ere, askok dakite euskaraz, eta guk lehen hitza euskaraz eginda ohitura horiek aldatu egin behar ditugu", dio Xinkonako Alaitz Jauregik; merkatariek ez ezik, Debagoieneko enpresa ugarik langileak kontzientziatu gura dituzte Euskaraldiarekin: "Belarri eta aho formako 11.000 kilo pasatxo gozoki eskatu dizkidate, lantokietan banatzeko eta gaiaz langileekin jarduteko".
Klikatu dendako Amaia Madariaga, berriz, mintzalaguna da. Euskaraldiaz harago, euskararekiko konpromisoa egunero bermatu gura du: "Urte osoan saiatzen naiz lehen hitza euskaraz egiten. Dendarekin lotutako hitz asko teknikoak eta arrotzak dira; baina bezeroek ikasi eta erabili egiten dute".
Gurasoak ere, Euskaraldiarekin bat
Pausoka Guraso Elkarteak urteko batzar orokorra egin zuen urriaren 24an. Bertan, Euskaraldia aurkeztu zuten eta Euskaraldiarekin bat egiten dutela adierazteko talde argazkia atera zuten batzordea osatzen duten kideek eta bertaratutako gurasoek.
Izena emateko orria eta informazioa guraso guztiei banatuko dizkie Herri Eskolak.