Gizarte zerbitzuen tasek ez dute igoerarik izango 2019an

2019ko Zerga Ordenantzen hasierako onespenari argi berdea eman diote EH Bilduk eta EAJ alderdiek. Adostasunera iritsi da Udal Gobernua EAJrekin eta KPIa igoko zaie Udal zergen tasei. Gizarte zerbitzuen tasak ordea ez dituztela igoko adostu dute.

Martitzeneko ohiko osoko bilkuran aho batez onartu zuten 2019ko Zerga Ordenantzen hasierako onespena. Iazko zerga berdinak, ordenantza berak, alegia, onartu dira. "Igo duguna da Kontsumo Prezioen Indizeak –KPIak– izan duen igoera. Baina, igoera horretatik kanpo geratu dira Gizarte zerbitzuak aurten ere. Horiek ez dute igoerarik izango", azaldu du Antzuolako alkate Beñardo Kortabarriak.

Hala, KPIaren urteko bataz besteko igoera %2,2koa izan da Euskal Autonomia Erkidegoan. Eta, aipatutako Udal zerbitzuei, igoera hori aplikatzea onartu zuten atzoko osoko bilkuran. EAJak ere argi berdea eman zion igoerari. Basilio Ormazabal bozeramaileak gaineratu zuen igoera hori logikoa eta beharrezkoa ikusten zuela, besteak beste, ekainaren 3ko uholdeek eragindako kalteen ondorioz.

Beñardo Kortabarria alkateak nabarmendu zuen, ordea, iazko oinarri bera jarraitu dutela aurten ere tasen igoeraren gainean erabakia hartzeko: "Bizitza garestitu den neurri berean izan dute igoera Udal zergek. Aurten iazko oinarri bera jarraitu dugu eta esan moduan, gizarte zerbitzuek igoera horretatik salbu geratu direla adostu dugu. Izan ere, ez zaigu iruditzen bidezkoa gehien behar duten herritarrek gehiago ordaintzea". Hala, eguneko zentroa, Torresoroa eraikineko etxebizitza babestuen zerbitzua eta pertsona nagusiendako jangelak ez dute igoerarik izango euren tasetan.

Azpimarratu ere, ibilgailu historikoek hobaririk ez dutela jada 2018. urtetik eta Olarango ekintza aretoaren alokairua eta Olarango pianoaren alokairuak ere arautu direla 2019rako. Yoga ikastaroek ere tasa berria izango dutela aurreratu dute. Hilabete egongo dira udal zergak jendaurrean. Alegaziorik ez balego, azaroko ohiko osoko bilkuran onartu eta 2019ko urtarrilean indarrean izango lirateke.

Agustin Telleriaren ondarea

Aho batez onartu zuten ere Agustin Telleriaren fondoa dohaintzan onartzea. Telleriartarrak larru fabrika izan zuten. Eta horren gaineko dokumentazioa orain arte Telleria familiaren etxean egon da gordeta. Orain, familiak, Antzuolako herriari eman dizkio dohaintzan dokumentu eta datu ugari. "Benetan eskertzekoa da Antzuolako herriari egin dion ekarpena Telleria familiak. Ondare garrantzitsua da eta Udalaren aldetik eskertzekoa da" nabarmendu du Antzuolako alkateak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.