Arrola Mendizale Elkarteak urtero egiten zen Finalista Egunari lekuko hartu dio Trekutz Egunak. Herriko gazte talde baten ekimenez iaz hasi ziren ospakizunarekin. Iaz moduan, aurten ere, erantzuna ezinhobea izan da: "Herritarren erantzunak asko betetzen gaitu. 2.000 biztanleko herri baten, 250 pertsona ekitaldi baten elkartzea ez da erraza. Egia da eguraldia asko lagundu duela, baina, oso pozik gaude antzuolarren inplikazioarekin", esan du Mikel Lizarazu antolatzaileetako batek.
Oinez eta bizikletaz
Autoa ahalik eta gutxien erabiltze aldera, hainbat herritar oinez abiatu dira 10:00etan, Herriko plazatik. Txirrindulariak ordu erdi beranduago. 10:30ean, dortsal eta guzti. Antzuolatik Trekutzeraino dauden bost kilometro gogorrak egin ostean, hamaiketakoa egin dute, eta bolo txapelketari hasiera eman diote. Hor ere, erantzuna bikaina. "35 lagunek parte hartu dute txapelketan. Ez da erraza txirloak botatzea bolatoki horretan. Bolak egin behar duen ibilbidea nahiko gorabeheratsua da", esan dute antolatzaileek.
Paellarako 28 kilo arroz
Ekitaldi guztiak bukatzen direnean, mahaiaren bueltan eseriko dira, paella jateko asmoz. Bi paella erraldoi dituzte. Guztira, 28 kilo arroz. "Plater bakarreko bazkaria denean, 100 gramo arroz, oilasko eta ganba kalkulatzen dut pertsona bakoitzeko. Beti botatzen dut apur bat gehiago", esan du sukaldariak. Bazkal ostekoa erromeriarekin girotuko dute.