Aurten ere, abuztuaren 24an, sardina-jan solidarioa egingo dute, Anelkarren eskutik. "Antzuolan geratzen diren herritarrek apuntatuta duten eguna izan ohi da. Errotuta dagoen festa bilakatu da, gainera. Urtetik urtera gora egin duen jaia da. Orain dela bi urte, 13 kilo sardina erre genituen; iaz, 17,5 kilo; eta aurten, 18 kilo sardina enkargatu ditugu. Herritarren elkartasunak ez du hutsik egiten", azaldu du Anelkarreko kide Jabi Etxanizek.
Herritarren borondatez batzen den dirua Anelkarrek Kongon eta Senegalen dituen hezkuntza proiektuak bultzatzen jarraitzeko izango da. "6 eta 18 urte arteko 2.200 ikasle daude eskoletan; gure asmoa da irakasleek baldintza eta soldata onetan edukitzeko lanean segitzea". Hala, abuztuaren 31n, helburu berak lortzeko eta sustatzeko asmoz, elkartasun festa egingo du Anelkarrek –Zurrategi plazan, 19:30ean hasita–.